Trumpek pisua kendu dio poliziak hildako afro-amerikarren kopuruari

AEBetako poliziak «zuri gehiago» hltzen dituela baieztatu zuen atzo Trumpek, CBSk egindako elkarrizketa batean. Horrez gainera, AEBetako bandera konfederatua defendatu zuen.

Donald Trump AEBetako presidentea. OLIVER CONTRERAS / POOL
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 15a
14:20
Entzun

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak garrantzia kendu zien AEBetako Poliziaren esku izandako afro-amerikarren hilketei. Atzo, CBS katean elkarrizketa bat egiten ari zela, kazetariak Poliziak hildako beltzen inguruan galdetu zion, eta Trumpek erantzun zion, haserre, Poliziaren eskuetan «zuri gehiago» hiltzen direla. Azken urteetako ikerketa ugarik egiaztatu dute afro-amerikarrek zuriek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte tiroz edo agenteen ekintzen ondorioz hiltzeko.

Elkarrizketan, gainera, AEBetako bandera konfederatua defendatu zuen, hots, AEBetako Gerra Zibilean esklabotza defendatzen zutenena. Jendeari «gustatu» egiten zaiola, eta «adierazpen askatasunarekin lotutako» gaia zela adierazi zuen. Trumpek gaineratu zuen berdin zitzaiola «bandera konfederatua» izan edota Black Lives Matter (Beltzen biziak axola du) mugimendukoa.

Ez da presidenteak jarrera arrazistak defendatzen dituen lehenengo aldia. Izan ere, Townhall komunikabide kontserbadorean egindako elkarrizketa batean, arrazakeriaren aurka protesta egiten ari ziren manifestariak pistola eta errifle batekin apuntatu zituen bikote bat defendatu zuen. Manifestariek bikotea «jipoitu» egingo zutela esanez defendatu zuen Trumpek bikotearen jokabidea.

Horrez gain, George Floyden hilketagatik ekainean egindako protestetan, presidenteak «terroristatzat» jo zituen manifestariak, gehiengoak protesta modu baketsuan egin zuela kontuan hartu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.