AEB

Trumpek Robert O'Brien izendatu du Segurtasun Nazionalerako aholkulari

George W. Bushen eta Obamaren administrazioetan lan egindakoa da

O'Brien, joan den uztailean Suedian. ERIK SIMANDER / EFE
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 18a
18:01
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkulari postutik kendu zuen joan den astean, eta egun batzuk geroago izendatu du haren ordezkoa. Twitter bidez eman du albistea. Robert O'Brien izango da Trumpen laugarren Segurtasun Nazionalerako aholkularia. 2017ko urtarrilaz geroztik hiru kaleratu ditu: Michael Flynn, H. R. McMaster eta Bolton.

Segurtasun Nazionalerako aholkulari karguak ez du kongresuaren onespenik behar izendatua izateko, eta presidenteak berak aukeratzen du zuzenean. Atzerriko gaiei dagokienez, administrazioan garrantzi handiena duen postuetako bat da. Heldu beharko dio bai migrazio politikari, bai AEBen eta Iranen arteko tentsioari, besteak beste.

Estatubatuar bahituen auzietarako Washintongo goi funtzionarioetako bat izan da O'Brien azken urtean. AEBetako hedabideen arabera, Trump aho bete hortz geratu da negoziazioetarako daukan abileziarekin.

Segurtasun Nazionalerako aholkulari berria AEBen ordezkaria izan zen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian (2005-2006), George W. Bush herrialdeko presidente zen garaian. Obamaren aurreneko legegintzaldian ere administrazioko kidea izan zen (2009-2013).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.