AEBetako Ordezkarien Ganberak Donald Trump herrialdeko presidentearen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesua hasiko du formalki. Horixe iragarri du Nancy Pelosi demokratak, behe ganberako presidenteak, astearte honetan, Ordezkarien Ganberako kide demokrata nabarmenekin bildu eta gero.
AEBetako zenbait komunikabidek azken egunetan argitaratutako informazioek lurrikara politikoa eragin dute Washingtonen. Izan ere, horien arabera, Etxe Zuriko maizterrak eskatu zion Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteari, Joe Bidenen semeak Ukrainan dituen negozioak ikertzeko —Biden AEBetako presidenteordea izan zen 2009tik 2017ra, eta 2020an AEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagai demokrata izan daiteke—.
Hedabide batzuek kaleratu dutenez, gainera, funtsen bidez Ukrainari ematea adostu zuten laguntza militarra blokeatu egin zuen Trumpek.
Ordezkarien Ganberan gehiengoa daukate demokratek. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, Senatuan, eta impeachment-aren bidez kargugabetze prozesua gauzatzeko, goi ganberaren bi herenen aldeko botoak behar dira. Ikusteko dago, beraz, zer garapen izan dezakeen demokraten urratsak.
Honekin, hirugarren aldiz egingo dute impeachmet prozesu bat AEBetako Kongresuan. Aurreko biak, Andrew Johnson (1868) eta Bill Clinton (1998-1999), absolbitu egin zituzten.
Bezperan esandakoa zuzenduz, Trumpek gaur onartu zuen baietz, funtsak blokeatu zituela. «Zergatik ari dira soilik AEBak dirua jartzen?», galdetu zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrera heldu zenean. Eta adierazi zuen Alemaniak eta Frantziak diru gehiago jarri beharko luketeela.
Bestetik, Twitter bidez astearte honetan jakinarazi du Volodimir Zelenskiri egindako deiaren transkripzio osoa argitaratzeko baimena eman duela. Demokratak impeachment bat abiatzekotan zirela konturatu denean zabaldu du berri hori.
Impeachment-a abiatuko dutela iragarri aurretik, Pelosik esana zuen orain arte urrats hori «saihesten» ahalegindu izan dela, argudiatuz herrialdea «zatikatu» zezakeela horrelako urrats batek. Bere alderdiko hautetsi eta ordezkariekin bildu ostean, ordea, AEBetako presidentearen jokabidea konstituzioaren eta demokraziaren printzipioen aurkako urraketa larritzat jo du Pelosik gaur, eta impeachment horri ekitea jo du konponbide bakar gisa.
Presidenteak «segurtasun nazionala» arriskuan jarri duela ere ohartarazi du, eta oharra egin dio: «Inor ez dago legearen gainetik». Trumpi buruz egiten ari diren ikerketa guztiak impeachment-aren «aterkipean» jartzea ere proposatu du Pelosik.