Ezohikoa da Alderdi Demokrataren aurtengo kongresua. Ez da izango aurreko lau urteetako jendetzarik, ez eta txaloaldi jendetsurik ere, pandemiak ez duelako horretarako modurik ematen. Horren ordez, bideokonferentzia bidezko lau eguneko batzarra egingo dute demokratek. Goizaldean hasi dute, George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarraren omenezko minutu bateko isilunerekin. Ondoren, hitza hartu dute hainbat ordezkari eta militantek, tartean Floyden anaia Philonise, Barack Obama presidente ohiaren emazte Michelle Robinson Obama eta Bernie Sanders senataria.
Demokratek bat egin dute Donald Trumpen aurka, eta ohartarazi «bere buruari soilik» begiratzen diola hark. «Neronek biolina jo zuen Erroma sutan zegoen bitartean, eta Trump golfean jokatzera joan zen», salatu du Sandersek, estatuburuak pandemian erakutsitako jarrerari erreferentzia eginez. Enpatiarik ez izatea egotzi dio, bestetik, Obamak, eta ohartarazi du «okerreko presidentea» dela errepublikanoa. «Presidente izateak ez du inor aldatzen, benetan nolakoa den erakusten baizik. Eta gu nolakoak garen ere erakusten du. Duela lau urte jende gehiegik pentsatu zuen haren botoak ez zuela garrantzirik. Agian nekatuta zeuden. Agian ez zuten pentsatu hau gertatuko zela. Arrazoia edozein izan zela ere, [Hillary Clintonek baino] hiru milioi boto gutxiago zituen hautagaia heldu zen Etxe Zurira», gogorarazi du Obamak.
Demokratek ez ezik, errepublikanoek ere parte hartu dute irekiera ekitaldian, tartean Ohiko gobernadore eta errepublikanoen presidentetzarako hautagai izandako John Kasich. Hark argudiatu du «egoerak bultzatuta» joan dela konbentziora, eta gauza bera egitera deitu ditu errepublikanoak izanik demokratei babesa emateak kezkatzen dituenak: «Agian pentsatuko dute Joek [Bidenek] ezkerrera egin dezakeela, eta haiek alde batera utzi, baina nik esan nahi diet ez dela halakorik gertatuko, gizon hau arrazoizkoa eta zintzoa delako».
Trumpen politikek ez ezik, pandemiak ere pisua izan du batzarraren lehen egunean. AEBetan, New York izan zen koronabirusaren ondorioak jasaten lehena. Hiriak lehen aldiz itxialdia ezarri behar izan zuen gaitza geldiarazi ahal izateko. Hala, gertatutakoa salatu du Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak: «Egungo gobernua ezgaia da. Ezin izan dio birusari aurre egin; ez zen ohartu pandemia bazetorrenik ere. Europako birusak ipar-ekialdeari eraso zion Etxe Zuria Txinara begira zegoen bitartean».
Hasi da kanpaina
Pandemiak asko murriztu du ohiko presidentetzarako kanpaina. Bi alderdietako hautagaiek oso agerraldi publiko gutxi egin dituzte koronabirusa agertu zenetik, eta egin dituzten horiek ere oso jende gutxi bildu dute. Hortik sare sozialen eta publizitate kanpainen garrantzia.
Ohiko hautesle demokratez gain, moderatuen, progresisten eta zalantzan daudenen babesa behar du Bidenek, duela lau urteko porrota errepika ez dadin. Orain arte inkestak alde izan ditu, besteak beste, Trumpek egindako kudeaketa txarrari esker. Baina, bozetarako hiru hilabete falta diren honetan, demokratek ezin dute besteen esku utzi garaipena. Horiek hala, batasun irudia oinarrizkoa du Bidenek, eta baita Sandersen eta Alexandria Ocasio Cortez New Yorkeko ordezkariaren babesak ere —ezkerreko demokraten ordezkariak biak—. Hain zuzen ere, gaur iluntzean —goizaldea Euskal Herrian— hartuko du hitza Ocasio Cortezek, eta baita Bill Clinton presidente ohiak ere.