Trumpen lurrikara politikoak

AEBetako presidenteak bere aholkulariaren aurkako ikerketa gelditzeko eskatu zion FBIko zuzendari ohiari. Putin prest dago Trumpen eta Lavroven bileraren transkripzioa emateko

Donald Trump Etxe Zurian, atzo, Connecticutera joan aurretik. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
ander perez zala
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Beste egun bat, beste eskandalu erraldoi bat Etxe Zurian. Astebeteko epean, Donald Trump AEBetako presidenteak kargutik kendu du FBI Ikerketa Bulego Federaleko zuzendari James Comey; Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin eta AEBetarako Errusiaren enbaxadore Sergei Kislyakekin batzartu da; aitortu du Comey «Errusiako kontu horrengatik» kaleratu zuela; mehatxu egin du Comeyrekin izandako bileren grabaketak zabaldu egingo dituela; eta hango hedabideek adierazi dute Trumpek errusiarrei helarazi ziela EI Estatu Islamikoari buruz Israelek emandako informazioa. Albiste horien guztien aurretik, aste lasaia izan zuten Washingtonen, baina badirudi Trumpen gustukoa dela lurrikara politikoak sortzea. FBIko zuzendaria kargugabetu ostean sortu zuenaren dardarak handitzen ari dira: Comeyren txostenen arabera, AEBetako presidenteak eskatu egin zion Segurtasun Nazionaleko aholkulari Michael Flynnen aurkako ikerketa gelditzeko, otsailaren 14an Etxe Zurian egindako bileran —Flynnek dimisioa aurkeztu eta egun batera—. Gero eta zailagoa da jakitea Trumpen zein lurrikarak duen indar eta eragin handiagoa haren etorkizun politikoan.

Inoizko krisirik handiena izan dezake aurrean Trumpek. Comeyren txostenek diotena kontuan hartuz, Justiziaren lana oztopatzen saiatu da AEBetako presidentea: «Espero dut ikusiko duzula hau [ikerketa] amaitzeko bidea, Flynn uzteko. Gizon zintzoa da. Espero dut hau egiteari [ikertzeari] utzi ahalko diozula», esan zion Trumpek, The New York Times egunkariak zabaldu duenez. Hala, badirudi FBIren eta Justizia Departamentuaren ikerketan eragina izaten saiatu zela. Hain zuzen ere, Comeyk uste zuen zeregin horretan zebilela, eta horregatik hasi zen harekin izandako bileren edukia gordetzen —FBIko agente baten datuak eta informazioa froga sinesgarriak dira auzitegietan—. Prentsa ohar baten bidez, Etxe Zuriak ezeztatu egin du egunkariaren informazioa. Trumpek, berriz, ez du gai hori zuzenean aipatu; adierazi du hedabideek bera tratatzeko duten modua politikari baten aurka «inoiz» izandako «okerrena» dela.

Egun, Flynnek Errusiarekin duen harremana ikertzen ari da FBI. Izan ere, bilera bat egin zuen ezkutuan Kislyakekin Washingtonen, abenduan, oraindik aholkulari kargua berea ez zenean; besteak beste, AEBek Errusiari jarritako azken zigorrez hitz egin zuten. Elkarrizketen harira, ikerketa abiatu zuen Sally Yates Justizia Departamentuko buruak—otsailaren 5ean kargutik kendu zuen Trumpek—. Solasaldi horien «larritasunaren» ondorioz, Mike Pence presidenteordeak Flynnekin hitz egin zuen. Yatesen arabera, Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak gezurra esan zion, ez baitzion aipatu Errusiako enbaxadorearekin hitz egin zuela gai garrantzitsu bati buruz: AEBek Moskuri leporatzen dion zibererasoen gaineko zigorrak.

Kongresuaren ikerketa

Comeyk Trumpekin izandako bilera guztien txostenak eskatu dizkio Kongresuak FBIri, AEBetako presidenteak delituren bat egin ote duen zehazteko. Ordezkarien Ganberako Zerbitzu Sekretuen Batzordeak egin du eskaria, Jason Chaffetz presidentearen bidez—errepublikanoa da—; asteazkenera arte du epea bulegoak. «Egia izango balitz, txostenek galderak pizten dituzte, presidenteak ikerketan eragina izan nahi ote zuen edo ez», uste du Chaffetzek. Trumpek «leialtasuna» eskatu zion behin Comeyri, eta hark «zintzotasuna» eman zion bueltan.

Trump presidentegai deserosoa zen Alderdi Errepublikanoan, eta presidentetzan ez da egoera aldatu. Asteotako albisteen ostean, errepublikanoen egoera oso labaina da. Etxe Zurian «drama gutxiago» nahiko lukete, Mitch McConnell Senatuko gehiengo errepublikanoaren buruak adierazi duenez, baina, beste hainbat kidek, jendaurrean haratago joan, eta adierazi dute Comeyk lekukotza eman behar duela Kongresuan. Justin Amash kongresukidea impeachment bat egiteko aukeraz ere aritu da: «Comeyrengan konfiantza handiagoa dut Trumpengan baino».

Demokratak erasokor agertu dira, espero bezala. Nancy Pelosy Ordezkarien Ganberako demokraten buruak zehaztu ditu balizko jokalekuak: «Kasurik onenean, Trumpek botere exekutiboa bidegabe erabili du. Okerrenean, Justiziaren lanari eragozpenak jarri dizkio». Dena den, adostasun handiagoa dago AEBetan presidente bati delitu bat leporatzeari buruz: karguan dagoen bitartean halakorik ez gertatzea, Político hedabidearen arabera. Aukera bakarra impeachment-a litzateke. Batzordearen ikerketaren ondorioek zehaztuko dute hori.

AEBetako «eskizofrenia»

2016ko irailaren 16an, hauteskunde kanpainan zegoela, Trumpek adierazi zuen Hillary Clinton ezin zela presidente izan, informazio klasifikatua agerian utzi zuelako. Egun, ordea, gauza bera egin du Trumpek. Albiste horrekin sortutako erreakzioak AEBak garatzen ari diren «eskizofrenia politikoaren» erakusgarri direla uste du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, eta prest agertu da Trumpen eta Lavroven arteko bileraren edukiari buruzko transkripzioa AEBetako Senatuari eta Kongresuari emateko, frogatzeko ez zutela sekreturik partekatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.