Trumpek primarioetarako aurkeztutako hautagaitza erretiratu egin du epaile batek, Illinoisen

Kapitolioko matxinadan parte hartu izana leporatu dio Estatu Batuetako presidente ohiari. Estatuburu izandakoak badu aukera erabakiari helegitea jartzeko.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, atzoko agerraldian. SINADURA / EFE.
Donald Trump AEBetako presidente ohia, hauteskunde kanpainako agerraldi batean. EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki - Aitor Garmendia Etxeberria
2024ko otsailaren 29a
09:31
Entzun

Illinoisko estatuan Donald Trumpen boz papera erretiratzea erabaki du epaile batek. Hala, AEBetako presidente ohiak ez du parte hartzen ahalko martxoaren 19an estatu horretan errepublikanoak egitekoak diren primarioetan. 2021ean Kapitolioaren aurkako matxinadan parte hartu izana leporatzen diote Trumpi. Halere, epaileak bihar arte ez du indarrean jarriko erabakia, presidente ohiak helegitea aurkezteko aukera baitu.

Estatuko hauteskunde batzordeak duela hilabete erabaki zuen Trump primarioetatik ez baztertzea. Horregatik, Steven Cheung Trumpen kanpainako bozeramaileak epailearen erabakia kritikatu du: «Illinoisko epaile aktibista demokrata batek baliorik gabe utzi du estatuko hauteskunde batzordearen erabakia; baita dozenaka jurisdikzio estatalen eta federalen erabakien kontra egin ere».

AEBetako Konstituzioaren 14. eranskineko 3. atalean du oinarria epailearen erabakiak. Haren arabera, matxinada batean parte hartu duen norbait ezin da izan herrialdeko presidentegai. Maine eta Colorado estatuek ere hautagaitza baliogabetu zioten, arrazoi berean oinarrituta. Illinois da, ordea, hiru estatuetan jendetsuena.

Hala ere, horrek ez du eragotziko Trumpek AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea, alde handia ateratzen baitio Nikki Haley lehiakideari errepublikanoen primarioetan. Gainera, Trumpek Coloradon helegitea jarri ostean, AEBetako Auzitegi Gorenak erabaki zain dago kasua. Otsailaren 8an entzun zituzten argudioak, baina oraindik ez dute erabakirik iragarri.

Beraz, datozen egunetan kontrakorik gertatu ezean, Donald Trumpen izena agertuko da Coloradoko eta Maineko hauteskunde primarioetan. Datorren asteartean izango dira beste hamahiru estatutakoekin batera. Astearte Handia deritzo egun horri, orduan egiten baitira estatu gehienetako primarioak. Egun horretan nahiko argi geratuko da alderdi bakoitzaren hautagaia nor izango den azaroko hauteskunde orokorretan. Bestetik, hautagaitza kendu dioten azken estatuan, Illinoisen, aurrerago izango dira primarioak, martxoaren 19an.

Epaiak atzeratuz

Otsail hasieran, Washingtongo Dei Auzitegiak ebatzi zuen Trumpek ez duela presidente immunitaterik izan behar Kapitolioaren auzian. Erabaki horri, ordea, helegitea jarria dio AEBetako presidente ohiak, eta Auzitegi Gorenaren eskuetan dago kasua. Datorren astelehenean hastekoa zen Kapitolioko gertaeraren epaiketa, baina Gorenak immunitatearen inguruko erabakia hartu arte ezingo dute Trump epaitu.

Presidente ohiaren defentsak ahalik eta gehien atzeratu nahi ditu epaiketak: ahal izanez gero, azaroko hauteskundeak igaro arte. Izan ere, Justizia Departamentuaren politikak galarazten du karguan dagoen presidente bat epaitzea. Beraz, hauteskundeak irabaziko balitu, litekeena da haren aurkako epaiketak ez egitea presidente kargua utzi arte.

Kapitolioaren aurkako matxinadaren auzian, epaileak apirilaren 22ko astean hasiko dira bi aldeen argudioak entzuten. Horren arabera erabakiko dute Trumpek bazuen Kapitolioko auzian presidenteari dagokion immunitatea. Baldin eta Gorenak onartuko balu bazuela immunitatea, epaia bertan behera geratuko litzateke. Ostera, Washingtongo Dei Auzitegiak emandako epaia berresten badu, epaiketa prozesua abian jarriko da.

Auzitegi Gorenak ekainerako erabakiko balu, posible da matxinadari buruzko epaiketa irailean edo urrian hastea. Dena dela, presidente ohia ezingo dute kondenatu uztailean egingo duten Errepublikarren Konbentzio Nazionala baino lehenago. Bertan, sorpresarik ezean, alderdiko hautagai izendatuko dute Trump.

Haren kontra zabalik dauden zigor auzibideetan, 91 delitu egozten dizkiote Trump presidente ohiari. Kapitolioaren aurkako matxinadaren erantzulea izateaz gain, beste hainbat auzi leporatzen dizkiote: 2016an, aurrenekoz presidentegai izan zenean, 120.000 euro ordaintzea Stormy Daniels aktore pornografikoari, zabaldu ez zezan hogei urte lehenago harremanak izan zituztela; haren etxe batera sekretupeko dokumentuak eramatea baimenik gabe; eta 2020ko hauteskundeen emaitzan esku hartzen saiatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.