'IMPEACHMENT' PROZESUA

Trumpi botere gehiegikeria erabiltzea eta Kongresuaren lana oztopatzea leporatu diote demokratek

AEBetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa egitea onartuko du Kongresuak urtea bukatu aurretik, eta Senatuan izango da auzibide hori. Hor, ordezkari errepublikanoak dira gehiago, eta atzera botako dute presidentea kargutik kentzeko aukera.

Nancy Pelosi, Kongresuko presidentea, Trumpi zer leporatzen dioten azaltzen. EFE
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 10a
11:15
Entzun

Beste urrats bat egin du Donald Trumpen aurkako impeachment prozesuak, eta AEBetako Ordezkarien Ganberako legegile demokratek jakinarazi dute zer leporatzen dioten herrialdeko presidenteari: botere gehiegikeria eta Kongresuaren lana oztopatzea. Orain, Kongresuak bozkatu beharko du Trumpen aurkako epaiketa politikoa abian jarri edo ez, eta litekeena da urtea amaitu aurretik egitea hori. Gehiengoa dute demokratek Kongresuan, eta epaiketa politikoa izango du presidenteak. Ondoren, auzia Senatura igaroko da, epaiketa politikoa egiteko, eta nola errepublikanoek demokratek baino ordezkari gehiago dituzten, presidentearen aldekoa izango da emaitza. Ez dute kargugabetuko.

"Gure presidenteak bere burua jarri du herrialdearen aurretik, eta gure demokrazia eta segurtasun nazionala arriskuan jarri ditu", esan dute demokratek, botere gehiegikeria azaltzerakoan. Auziaren sorburuan dago Trumpek ustez baldintzatu egin zuela Ukrainari eman beharreko laguntza militarra, Joe Biden presidenteorde ohia eta haren semea ustelkerian aritu ote ziren ikertzearen truke. Ukrainari presio egin izana leporatzen diote. 

Demokratek epaiketa politikoa egiteko prozesua jarri zuten abian duela hiru hilabete. Bide horretan, Trumpek gobernuko funtzionarioei Kongresuko ikerketan parte hartzea debekatu diela esan dute demokratek, eta ikerketa oztopatzea leporatu diote.

Azkar erantzun du Trumpek, eta sare sozialetan esan du "presiorik ez" ziola egin Ukrainari. "Leporatzen didatena erridikulua" da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.