2016ko bozetan iruzur egiteko «konplot kriminal bat» antolatu izana egotzi diote Trumpi

Fiskaltzak dioenez, AEBetako presidente ohiak 120.000 euro ordaindu zizkion aktore bati, ez zezan zabaldu sexu harremanak izan zituztela, eta, 2015ean, istorioa argitaratzeko eskubideak erosi zituen egunkari batek, halakorik ez egitea aginduta.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, ezkerrean, epaitegiko atarian, New Yorken, atzo. VICTOR J. BLUE / EFE
Donald Trump AEBetako presidente ohia, ezkerrean, epaitegiko atarian, New Yorken, atzo. VICTOR J. BLUE / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 23a
11:00
Entzun

«Epaiketa hau konplot kriminal bati buruzkoa da, eta delitu estaltze bati buruzkoa. Donald Trump akusatuak konplot kriminal bat antolatu zuen 2016ko presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egiteko. Gero, konplot kriminal hori estali zuen, New Yorkeko erregistro komertzialetan behin eta berriz iruzur eginez». Hitz horiekin ekin zion, atzo, Matthew Colangelo fiskalak AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi Donald Trumpen (2017-2021) aurkako lehen epaiketaren deklarazio txandari.

Fiskaltzaren ikerketaren arabera, Trumpek 120.000 euro inguru ordaindu zizkion Stormy Daniels pornografiako aktoreari, Michael Cohen abokatuaren bitartez, Danielsek ez zezan zabaldu Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an —AEBetako presidente ohiak ukatu egiten du harekin sexu harremanik izan duela, baina aktoreak baietz dio—; ustez Cohenek egin zituen ordainketak, 2016ko presidentetzarako bozen kanpaina betean zirela, eta, gero, ordaindutakoa itzuli zion Trumpek, kontzeptu faltsu batzuen izenpean.

Colangelok zenbait xehetasun eman zituen atzo ordainketa horren eta ondorengo azpijokoen inguruan. Haren arabera, 2015ean Trump dorrean bildu ziren AEBetako presidente ohia, garai hartako haren abokatu Cohen eta David Pecker enpresari eta kazetaria, orduan National Enquirer egunkariko editore zena. Fiskalaren esanetan, Danielsen eta Trumpen «istorioa» argitaratzeko eskubideak erosi zituen egunkariak bilkura horretan —afera horren inguruko ezer ez argitaratzea aginduta—, AMI American Media enpresaren bitartez. 

Hain zuzen, Pecker izan zen atzoko saioan hitza hartu zuen lekuko bakarra. National Enquirer egunkarian lana egiteko moduaz galdetuta, hauxe esan zuen: «Diruaren truke egiten genuen kazetaritza, eta ordaindu egiten genuen istorioen truke».

«Epaiketa hau konplot kriminal bati buruzkoa da, eta delitu estaltze bati buruzkoa».

MATTHEW COLANGELOFiskala

Trumpen abokatu Todd Blanchek erantzun zien Colangeloren akusazioei, eta hauxe esan: «Presidentea [Trump] errugabea da, eta ez du deliturik egin. Ez du inolako zerikusirik 34 paper zati horiekin». Are gehiago, adierazi zuen ezen, «konplot kriminal bat» baino gehiago, «estrategia demokratiko bat» izan zela Trumpek 2016ko presidentetzarako bozen kanpainan egindakoa. «Ez da legez kanpokoa hauteskunde batzuetan eragin nahi izatea. Horri demokrazia deitzen zaio». Bestalde, Danielsi leporatu zion «afera» bere karrera hauspotzeko erabili izana. 

AEBetako estatuburu ohi bat halako ataka batean dagoen lehen aldia da. Trumpen aurkako prozesu judizialak sei eta zortzi aste bitartean iraungo du; epaimahaia hamabi pertsonak osatzen dute, eta bostehun hautagai galdekatuko dituzte. Denera, 34 delitu leporatzen dizkiote, eta baliteke lau urtera arteko kartzela zigorra ezartzea.

Bozen atarian

Zigor auzibide bati aurre egin behar dion AEBetako lehen presidente ohia da Trump, eta, halere, berak bildu du boto gehien azaroko presidentetzarako bozetan Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izateko. Eta, hain justu, hauteskundeak gero eta hurbilago dauden honetan, bere «kanpaina oztopatzeko» estrategiatzat jo zuen atzo Trumpek prozesu judiziala.

Epaitegian sartu baino lehen, adierazpenok egin zituen: «Hemen nago, Pennsylvanian eta Georgian eta beste leku askotan kanpaina egiten ibili ordez, eta hori ez da bidezkoa». Buruzagi errepublikanoak beste behin errepikatu zuen haren aurkako zigor auzibidea «Washingtonekin koordinatutako sorgin ehiza» baten ondorio dela, AEBetako presidente Joe Bidenen kanpainari «mesede» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.