Grezia

Tsiprasek goitik behera aldatu du gobernua

Ekonomia alorreko ministerioetan eta beste hainbatetan egin ditu aldaketak gobernuak. Gainera, ministerio bihurtu ditu orain arte azpisail ziren atal batzuk.

2016ko azaroaren 5a
15:51
Entzun

Ministro berriek larunbat eguerdian hartu dituzte karguak, eta zin egin dute beren betebeharrei jarraituko dietela. Hamar ministro eta ministrorde berrik Bibliaren eta apaiz ortodoxoen aurrean egin dute zina, eta beste 22k, berriz, modu laikoan egin dute.

Greziak ekonomia arloko ministerioetan egin ditu aldaketa esanguratsuak. Euklides Tsakalotos Finantza ministroak bere karguan jarraituko du, baina Ekonomia Ministerioan Dimitris Papadimitriu da buru berria —unibertsitate irakaslea da—, eta Lanaren Ministerioan, Efi Ajtsioglu. Gobernuko emakumezko bakanetakoa; hirugarren erreskateari buruzko negoziazioetan pisua izan bide duen kargudunetako bat izan da Ajtsioglu; hain justu, zordunekin lan merkatuaren liberalizazioa eztabaidagai izango dute datozen hilabeteetan.

Hiru ministro horiek dira Greziaren zordunekin negoziatzeaz arduratzen direnak. Europako Batzordearekin, BCErekin eta FMIrekin negoziatzeko ardura duten hiru ministroetatik bi aldatu ditu, beraz, Tsiprasek.

Iorgos Katrugalos Lanaren ministro ohia Europako Gaietarako ministrorde izango da aurrerantzean; eta Iorgos Statakis Ekonomia ministro ohia Energia Ministeriora aldatu dute. Energia konpainia publiko batzuk pribatizatzeko gaia ere agendan dute, datozen hilabeteetarako, gobernuak eta haren zordunek. Panos Skurletis, Energia ministro izan dena orain arte, Barne ministro izendatu dute —pribatizazio horien aurka agertu izan da Skurletis—.

Bestalde, Tsiprasen gobernuak ministerio bihurtu ditu orain arte ardura hori ez zuten sail batzuk; bost dira guztira. Horien artean, migratzaileen krisia kudeatu behar duen saila, Migrazioena. Ministeriordetza bat izan da orain arte, baina Ministerio maila hartu du, eta Iannis Muzales izango du buru. Gaur egun, hemezortzi ministerio eta 23 ministro ditu Greziako Gobernuak. Kargua hartu zuenean, hamar ministerio baizik ez zituen Tsiprasen taldeak.

Horiez eta beste aldaketa batzuez gain, Hezkuntza ministroa ere aldatu du Greziak: Nikos Filis. Hezkuntza erreformatzen saiatu zen Filis, baina oposizio handia sortu zitzaion, batez ere erlijioaren ikasgaia ukitu zuelako, eta Eliza Ortodoxoak gogor buru egin ziolako.

Aldiz, Iannis Dragasakis presidenteordeak bere karguari eutsiko dio, eta Syrizaren gobernukide den alderdiko (Greziar Independenteak) ordezkariek ere beren ardurak mantenduko dituzte.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.