Agintaldia bukatu eta helburuak erdiesteko konfiantzazko boto bat eskatu die Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak parlamentariei. "Langabezia gehiago jaitsi nahi dugu, gutxieneko soldata igo nahi dugu, Konstituzioaren erreforma bururatu nahi dugu. Hori da gelditzen zaigun lana". Eta jarraitzeko behar zuen babesa lortu du, 151 parlamentarik eman diote aldeko botoa.
Nazionalista greziarrekin egina zuen gobernu akordioa Syriza ezkerreko koalizioak, ANELekin. Eta abertzaletasun auzi batek eragin du, azkenean, bi alderdien arteko haserrea. 2015eko urtarriletik, lau urte iraun ditu koalizioak, Mazedoniari buruzko auziak hautsi duen arte.
Greziar askok urteetako gatazka bat eduki dute mazedoniarrekin. Jugoslavia ohiko errepublika horretako abertzale batzuek Greziarenak diren lur batzuk eskatzen dituzte beretzat, eta Greziak sekula ez du aitortu Mazedonia errepublika independente gisa. Iazko ekainean hautsi zuen urteetako gatazka hori Tsiprasen gobernuak, Mazedoniako agintariekin hitzarmen bat adostuta.
Akordio horren arabera, errepublikak Ipar Mazedonia izena hartuz gero, Greziak onartu egingo zukeen herrialdea. Mazedoniak joan den astean eman zion baiezkoa akordioari, baina Greziak berrestea falta zen, eta joan den astean ANELek gobernu koalizioa hautsi zuen, Tsipras ataka estuan utziz. Lehen ministroak konfiantza berritzeko eskatu zion, orduan, parlamentuari.
Zentsura mozioari aurre egiteko, bi eguneko eztabaida luzea izan dute Greziako parlamentuan, eta asteazken gau honetan egin dute bozketa. Botoen erdiak gainditzea aski zuen Tsiprasek, baina esana zuen gehiengo absolutua lortzen ez bazuen hauteskundeak aurreratuko zituela. Ez du beharrik izan, 151 boto horiek lortuta, eta agintaldia bukatzeko modua izango du hartara.
Greziako Gobernuak iaz lortu zuen troikaren eta zordunen kontrolpetik ateratzea, eta hilabete hauek dauzka —udazkenean dira hauteskundeak egitekoak— bere politikak garatzen saiatzeko, gobernuan agintzen egon denetik dozenaka murrizketa egin behar izan dituelako.