Katalunia

Tsunami Demokratikoak Espainiako hauteskundeen bueltarako iragarri ditu hurrengo ekintzak

Espainiako hauteskundeen hausnarketa eguna eta bozen ondorengo egunak gordetzeko eskatu die herritarrei. Batzelonaren eta Madrilen arteko partidaren egunerako ere ekintza bat egingo dutela iragarri dute.

Milaka manifestari, Bartzelonako El Prat aireportua okupatzen, Tsunami Demokratiakoak urriaren 14an deitutako mobilizazioan. QUIQUE GARCIA, EFE
2019ko urriaren 25a
12:21
Entzun

Kataluniako Tsunami Demokratikoak hurrengo ekintzetarako egunak iragarri ditu, Telegram bidez zabaldu duen mezu batean. Herritarrei egun jakin batzuk gordetzeko eskatu die: azaroak 9, 11, 12 eta 13, eta abenduak 18.

Azaroaren 9a Espainiako hauteskundeen bezpera da. Hau da, bozkatu aurreko hausnarketarako eguna. Tsunami Demokratikoak aditzera eman du estatu osoan prestatuko duela ekintza bat egun horretarako.

Azaroaren 10ean erabakiko dute bozkatzaileek Espainiako Gorteen osaketa berria, eta hurrengo hiru egunetarako ekintzak iragarri ditu Tsunami Demokratikoak. Ez du argitu ekintza horiek non egingo dituen.

Azkenik, abenduaren 18a gordetzera deitu du plataformak. Egun horretan, Bartzelona eta Real Madril futbol taldeen arteko norgehiagoka jokatuko da Kataluniako hiriburuan. Partida bihar jokatzekoa zen, baina atzeratzea erabaki dute, bihar mobilizazio jendetsua espero delako Bartzelonan eta Tsunami Demokratikoak egun horretarako ekintza iragarri zuelako. Pentsatzekoa da futbol partidarekin lotuta egongo dela plataformaren ekintza, egun horretan "etxean jokatzen" dutela adierazi du eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.