384 pertsonaren heriotza baieztatuta dagoela esan dute Indonesiako agintariek. Palau hirian zenbatu dituzte hildako horiek denak, izan ere, beste lekuetakoak zenbatzen ez dira hasi. Richter eskalan 7,5 gradutako lurrikara izan zen atzo, eta gero etorri zen tsunamia. Inkomunikatuta gelditu dira hainbat leku, eta haietan izandako kalteak zenbatzeke daude oraindik. Nolanahi ere, behera etorritako eraikinetan harrapatuta jendea egongo dela uste dute, eta hildakoen kopuruak gora egitea aurreikusten da. Zaurituen kopurua ere behin-behinekoa da: 540.
Sulawesi irlan bi lurrikara izan ziren atzo. Aurrena 6 gradutakoa izan zen eta ez zuen kalte handirik eragin, baina haren atzetik handiago bat etorri zen. Hark bai, kalteak eragin zituen eta gainera, hondamendia ekarri duen tsunamia eragin zuen. Hainbat eraikin eraitsi zituen itsasoak lurrari gain hartu zionean.
Donggala inguruak ere oso kaltetuta daude, baina hango biktimen kontaketarik ez dute egin oraindik. 600.000 lagun bizi dira Palau eta Donggala hirietan, eta erreskate taldeek aurrera egin ahala, biktimen kopurua handitzen joango den susmoa dago.
Sutopo Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionaleko bozeramaileak esan du kalteak "handiak" izan direla. Eraitsitako zubien eta txikizioaren irudiak erakutsi ditu prentsaurrekoan. Gainera, nabarmendu du mehatxuaren barri eman zuten arren jende askok hondartzan jarraitzea erabaki zuela, eta hildako asko itsasertzean topatu dituztela.
Gai horrek ezeinegona sortu du. Izan ere, abixua eman zuten arren, handik ordu erdira bertan behera utzi zuten. Gainera, tsunamia izan zenean ere, kostatu egin zitzaien haren berri ematea. Agintariek hura baieztatu aurretik hondamendiaren irudiak zabalduta zeuden sare sozialetan.