Tsunamientzako alerta sistemak huts egin duela aitortu du Jakartak

Indonesian 500dik gora izan daitezke hildakoak; ehunka herri bakartuta daude oraindik

arantxa elizegi egilegor
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Duela sei urte beste tsunami batek jo zituen Indonesiako uharteak, eta 250.000 hildako inguru eragin zituen. Halakorik berriz gerta ez zedin alerta sistema berezia ezarri zuen Jakartak, eta, hasierako asmoen arabera, dagoeneko martxan egon behar zuen. Herritarren esanetan, ordea, duela lau egun ere ez zen sirenarik entzun.

Zientzialariek aitortu dute sistemak huts egin zuela norbaitek buiak hondatu zituelako. Era berean, nabarmendu dute sirena entzunda ere askori ez ziela ihes egiteko denborarik emango, lurrikararen epizentroa uharteetatik gertuegi zegoelako.

Baliabiderik ez

Duela lau eguneko tsunamiak lotan harrapatu zituen Mentawai uharteetako herritar gehienak. Batzuek ahal zutena hartu eta ihes egiteko denbora izan zuten, baina horiek gutxiengoa izan ziren; asko itsasoak irentsi zituen, eta beste asko, berriz, hondakinen artean harrapatuta geratu ziren.

Gaur arte 343 gorpu aurkitu dituzte, baina beste 398 lagunek desagertuta jarraitzen dute. Ondorioz, hildakoak 500dik gora izango direla uste dute Indonesiako agintariek. Horretaz gain, ehunka herri bakartuta daude oraindik, eta gobernuz kanpoko erakundeek eta Gobernuak ez dute nahiko baliabide horietara heltzeko.

Indonesiako presidente Susilo Bambang Yudhoyonok Vietnamerako bidaia eten zuen atzo, itsasikarak eta uholdeek kaltetutako eremuak bisitatzeko. Estatuburuak hitzeman zien tsunamiaren biktimei giza laguntza iritsaraziko zuela.



Zenbakia

34

Sumendiaren biktimak. Bigarren aldiz errautsa eta laba jaurti zuen atzo Merapi sumendiak. Dagoeneko 34 dira haren ondorioz hildakoak eta 40.000 lekualdatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.