Maliko armadaren eta Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduko kideen arteko borrokak gogortu dira aste honetan, eta tuareg matxinoek borroka armatuari ekingo diotela ohartarazi dute, Malik ez badu aitortzen Azawad «banatutako lurraldea» dela. Mugimendu horrekin batera tuaregen beste hiru talde daude lurraldean, gerra erakustaldia egiten. Armadaren ustez, orain bitarteko gehiago dituzte, Libiatik armamentu astunarekin itzultzeko aukera izan dutelako. Tuareg ekintzaileak Muammar Gaddafiren alde aritu dira Libian, eta gerra amaitzeak Malin giroa gaiztotu du, militarren arabera.
Borroka gunea Kidalin dute, historikoki izan den leku gatazkatsuenean. Atzo Aguelhok herria hartzen saiatu ziren, eta armadak airez eraso egin zien. Herenegun, berriz, Menaka herriari eraso zioten, eta atzo borrokan jarraitzen zuten. Atxiloketen eta hildakoen berri eman dute soldaduek, baina ez dute kopururik zehaztu.
Menakako borrokatik ihes egin zuten matxinoen bila dabiltza, eta armadak kide asko bidali ditu basamortura, erasoak saihestearren. «Lapurrak egoera zailean» daudela nabarmendu arren, armadako kide anonimo batek besterik dio. Militarren buruzagiak ingurura joan direla gertatzen denaren berri gertutik izatera eta neurriak hartzera. Airez eta lurrez eragiten ari diren mugimendua ez dela lapur batzuk menpean hartzeko egin ohi dena.
Kidaliko eskualdean Azawad Herritarren Mugimendua ere borrokan dago, eta horiek izan ziren hango gatazkan 2006an gobernuarekin akordioa erdietsi zutenak. Armadako kide izandakoak dira orain erakundeko buruak. Bigarren taldeak, Kidalikoa hori ere, iaz ekintzak gogortu zituen. Hirugarren taldean, berriz, borrokan ari dira Gaddafiren ondoan aritu ondoren ihes egindako tuaregak, eta, gobernuaren arabera, horiek bakarrik bideratu dituzte gobernuarekin negoziazioak.
Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduan ere Libian borrokan aritutakoak daude, armadak dioenez. Aldarrikapenen baitako banaketa dute taldeok, lau modutara, lurraldearentzat autonomia eskatzetik independentziaraino. Petrolioa dago inguru horietan, eta eskaerak bideratzea zailtzen du horrek, baita Al-Qaedak inguruan jarduera gogorra izateak ere.
Amadu Tumani Ture presidentearen bigarren legegintzaldia amaitzear dago, eta irtenbidearen aldeko hitzaldiak eta ekintzak egiten ari da. Azkena abendukoa da. Batzar Nazionalak talde bat eratu zuen gertatzen ari dena aztertzeko eta tuaregekin elkarrizketak bideratzeko. Baina oraingoz ez du emaitzarik izan.
Aspaldiko borroka
Malik independentzia eskuratu zuenean, 1960an, Azawaden zati bat Maliren mugen barruan geratu zen, eta Azawadeko tuaregek borroka armatuari ekitea erabaki zuten 1990ean. Garai hartan zegoen gerra zibilean parte aktiboa izan zuten matxinoek, eta, gobernua bota ondoren, jarduera armatua utzi zuten. 1991ko urtarrilean bake akordioa sinatu zuten. 2006an, berriz, Kidali eskualdean borroka berritu zuten, eta Aljeriako Gobernuaren bitartekaritzari esker konpondu zuten behin-behinean afera. Ekintzaileetako askok Aljerian eta bereziki Libian hartu zuten babes. Orduztik, tarteka, borroka berpiztu egiten da. Gaur da eguna, hala ere, ez dutela eskatzen duten burujabetasunik, eta, Maliri presio egiteaz gainera, nazioarteak auzian parte hartzea bultzatzeko gogortu dituzte ekintzak.
Tuareg matxinoek borroka armatuari ekingo diotela mehatxu egin dute Malin
Giroa gogortzeko arriskua dago, armadak dioenez, Gaddafirekin Libian aritutakoak arma astunekin itzuli ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu