Tuberkulosirik gaiztoena

XDR deituriko tuberkulosi kasuak ugaritzen ari dira mundu osoan; gaitzaren aldaera gaiztoena da, garatutako erresistentzien ondorioz inolako botika klaserekin ezin delako tratatu.

arantxa iraola
2007ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Botikak alferrik izaten dira zenbait tuberkulosi klase tratatzeko. Erresistentziak garatzen dituzte botiken kontra, eta arazo larria bihurtzen dira. MDR (Multi Drug Resistant) izenarekin ziren ezagunak orain arte tuberkulosi erresistenteak, baina hasi da beste klase bat agertzen, are erresistenteagoa; XDR (Extensively Drug Resistant) tuberkulosiak dira. OME Osasunerako Mundu Erakundeak tuberkulosiari buruz plazaratu duen azken txostenean propio ohartarazi du tuberkulosi horren kontra.

Plan bat martxan du OMEk tuberkulosi mota horren kontra, baina herrialde asko plan hori ezartzeko orduan «oso motel» ari direla azaldu du, kezkatuta. Izan ere, gaitz mota horrek jotako pertsonen aldenekez egin ahal izaten da ezer; botikarik ez dago haiek osatzen laguntzeko. Herrialde garatuetan, osasun sistema taxuzkoekin, erien %30ek-edo osatzea lortu dute, baina gainerakoan oso zaila da gaitza gainditzea. Oraindik ere tuberkulosi mota hau ezohikoa dela onartzen dute OMEko arduradunek, baina ugaritzen ari denez, neurri irmoak hartzeko premiaz ohartarazi dute.

Sintomei begira, tuberkulosiaren ohiko sintomak izaten ditu XDR deituak : eztula, sukarra, nekea... Analisiak egin behar izaten zaizkio eriari zer tuberkulosi klase duen zehazteko.



GAITZAREN KONTRA IRMO. Gainerakoan, tuberkulosiaren kontrako borrokan aurrera urratsak egiten ari direla azaldu dute OMEko adituek argitara emandako azken datuetan. Gaitzak jotako pertsonen %60 diagnostikatzea lortu dute, eta eririk gehienak osatzea. Hala ere, tuberkulosia eritasun larria da oraindik mundu zabalean, batez ere herrialde behartsuenetan: 4.400 lagun hiltzen ditu egunero. 2005. urtean, esaterako, gaitzaren ondorioz 1,6 milioi lagun hil zirela dio OMEk.

1993. urtean larrialdi deia egin behar izan zuen gaitza ikaragarri hedatzen ari zelako. Ordutik hobera egin dela diote, hartutako neurriei esker izurria kontrolatzen hasi direla. Goia 2004an jo zuela diote, eta egonkortzen ari dela. GIBdunen artean bereziki oldarkorra izaten da gaitza, eta horrek eragina du datuetan.



marcos espinal STOP TB Nazioarteko ekimeneko idazkari eragilea

«Zaila izaten da XDR tuberkulosiak osatzea; nekez tratatzen ahal dira»

arantxa iraola

STOP TB tuberkulosiaren aurka nazioartean martxan jarritako ekimena da. Marcos Espinal doktorea idazkaritzako kidea da 2003tik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak Genevan (Suitza) duen egoitzatik erantzun ditu XDR tuberkulosiari buruzko galderak.

Zertan bereizten dira MDR tuberkulosia eta XDR tuberkulosia?

MDR tuberkulosiak gaitzaren kontrako lehen lerroko botikekiko erresistenteak izaten dira; XDR tuberkulosiak, berriz, urrats bat harago daude, bigarren lerroko botikekiko ere erresistenteak baitira. Alegia, tratatu ezin diren tuberkulosiak dira.

Ezin dira sendatu?

Oso zaila izaten da XDR tuberkulosiak osatzea; tratatzen oso konplikatuak dira.

Zein herrialdetan agertzen da XDR tuberkulosia?

Mundu osoan, 20 herrialde baino gehiagotan agertu dira kasuak. Batez ere Hegoafrikan, baina Europan, Latinoamerikan eta Asian ere agertu dira kasu bakanak. Nolanahi ere, benetan gaixotasunak zenbateko neurria duen ez dakigu oraindik.

Tuberkulosia, batez ere, herrialde behartsuetan da arazo gorria, baina XDR kasu dezente ageri dira herrialde garatuetan, zergatik?

Herrialde horietako askotan MDR tuberkulosiak tratatzeko botikak aspaldiko kontua dira, eta, ondorioz, horiekiko erresistente diren gaitzak ari dira agertzen orain.

Nola jakiten da gaixoak zer tuberkulosi klase duen?

Eztula egiten dutenean eriek duten jariatzetik lagin bat hartu eta aztertu egiten da. Erraz jakiten da gaixoak zer tuberkulosi klase duen.

Zergatik agertu da orain tuberkulosi klase berri hau? Arazoren baten sintoma al da?

Kasurik gehienetan kausa gaitzaren jarraipen txarra izaten da. Pertsona bat tuberkulosiarekin gaixotzen denean lehen tratamendu bat egin behar izaten du sei hilabetekoa, eta tratamendu hori osorik egin behar izaten da, bukatu arte. Askotan gertatzen da, ordea, jendeak tratamendua hasi, utzi, eta berriro hartzen duela. Hori izaten da arazoa. Tratamenduak osorik egin behar izaten dira, gainerakoan, erraza izaten botikekiko erresistenteak diren tuberkulosi motak garatzea. Globalizazioak ere ez du batere laguntzen; zenbait tuberkulosi klase erraz zabal daitezke orain, esate baterako hegazkinez. Baina, tira, hala ere, kausa nagusia da gaitzak jotako pertsonak maiz ez direla ondo hezten egin behar duten tratamenduaren inguruan...

Zenbait herrialdek osasun gaietan dituzten azpiegitura eskasek ez dute lagunduko batere horretan. Ezta?

Ez. Afrikako eta Latinoamerikako leku askotan arazoa nabarmena da. Baina argi izan behar da, gaitz honen kontra egiteko, beste ezeren gainetik, erien jarraipen estua egin behar da. Gainerakoan har daitezkeen neurri guztiak alferrikakoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.