Neurri zorrotzak hartzera bultzatu du gobernua ekintzaile suizida batek Sadiq imamaren meskitan zartarazitako lehergailuak. Buruzagi salafisten esku dauden 80 meskita inguru ixtea izan da lehen neurria, argudiatu baitute horietan indarkeria bultzatzen dela eta talde jihadistek finantzatzen dituztela.
Horretaz gainera, eta Tunisiaren diru irabazi nagusia turismoa dela kontuan hartuta, gobernuak iragarri du soldaduak jarriko dituztela turisten gune nagusietan ere; eta "Konstituziotik kanpo aritzen diren alderdi eta taldeen aurkako neurriak" hartuko dituztela, baina horiek zeintzuk diran zehaztu gabe.
Dagoeneko 39 dira ostiraleko atentatuan hildakoak, eta beste hainbeste zaurituak. Biktima gehienak Erresuma Batukoak eta Frantziakoak dira. Horiek hala, bi gobernuek iragarri dute etxeratzeko laguntza emango dietela Tunisiatik irten nahi duten britainiar eta frantziarrei. Tunisiara zihoazen hainbat hegaldi ere bertan behera geratu dira.
Atzo gertatutako hiru erasoetatik, Kuwaitekoa eta Tunisiakoa bere gain hartu ditu Estatu Islamikoak. Frantziakoarekin lotuta, gizonezko bat galdekatu dute. Orotara, 63 pertsona hil zituzten atzoko atentatuetan.
Atxiloketa Kuwaiten
Kuwaiten ez dituzte oraindik amaitu ostiraleko erasoak argitzeko ikerketak. Horiei lotuta, ekintzaile suizidak erabili zuen ibilgailuaren jabea atxilotu du Poliziak, eta autoko gidariaren bila dabil. Erasoaekin zerikusia izan dezaketen beste hainbat lagun ere atzeman dituzte.