Zine El Abidine Ben Ali diktadore ohiaren aztarnetatik garbi gelditzen ari da Tunisiako behin-behineko gobernua. Atzo eman zuten dimisioa Afif Txelbi Industria eta Teknologia ministroak eta Mohamed Nuri Yuini Nazioarteko Kooperaziorakoak. Mohamed Ganutxi lehen ministroaren dimisioaren ondoren, bi horiek ziren Ben Aliren gobernutik gelditzen ziren azken ministroak.
Ganutxi ordezkatu dute dagoeneko; Beji Said Essebsi jarri dute haren karguan. Baina beste ministroen hutsuneak betetzeko daude oraindik. Behar horrek bultzatuta, behin-behineko gobernua oposizioko eragile ugarirekin banan-banan biltzen hasi da, hemendik aurrera egin beharreko urratsak eztabaidatzeko. Iturrien arabera, biharko eman nahi dute erabakitakoaren berri.
Oposizioaren eskakizun batzuk beteko direla espero dute askok: besteak beste, konstituzio berria idazteaz arduratuko den kontseilua osatzea eta Iraultzaren Babeserako Goi Kontseilua aitortzea. Ben Aliren aurkako protestetan garrantzia handia izan duten 50 talde sozial eta politiko inguru biltzen ditu azken horrek. Aste honetarako espero da, baita ere, Fuad Mebaza behin-behineko presidenteak zehaztea noiz izango diren hauteskundeak.
Asteburuan protesta gogorrak nagusitu dira berriro Tunisko kaleetan. Datu ofizialen arabera, 80 pertsonatik gora zauritu eta bost lagun hil dira –oposizioaren arabera, sei– manifestari eta polizien arteko liskarretan.
Igandean jakinarazi zuen Ganutxik kargua uzteko erabakia hartua zuela. Prentsaurreko batean esan zuenez, «kontzientzia lasaiarekin hartutako erabakia» izan da, astebetean hausnartutakoa. Erabaki horren xedea ez da ardurari ihes egitea, baizik eta «beste lehen ministro bati bidea ematea, Tunisiaren, tunisiarren etorkizunaren eta iraultzaren onerako».
Ez du argi esan dimisioaren arrazoia aurreko egunetako protesta gogorrak izan direnik, baina bai ez dagoela prest «giza bizitzen galera ekar dezaketen jarrerak hartzeko», asteburuan hildako manifestariei nolabaiteko erreferentzia eginez.
Dena den, aipatu ditu «itzaletako taldeak», zeintzuk «gobernua ahultzen eta iraultzaren porrota eragiten» saiatzen diren; Ganutxiren arabera, ulertezina da haien jokabidea, «iraultzaren helburu nagusia gobernuaren gainbehera balitz bezala». Protestari horiek «gutxiengoa» direla ere esan du: «Gehiengoa isilik dago oraindik, edo Facebook bidez baino ez du iritzia ematen».
Harrera txarra
Beji Said Essebsi da orain Ganutxiren ordezkoa; 84 urteko abokatuak egingo ditu lehen ministro lanak hurrengo hauteskundeak heldu bitartean. Tunisiak independentzia eskuratu ondorengo lehen presidentearen aholkularia eta, geroago, Atzerri ministro izandakoa da; Ben Aliren gobernuan ere izan ditu hainbat kargu. Besteak beste, Frantzian eta Alemanian Tunisiako enbaxadore lanak egin ditu. 1994az geroztik, ordea, abokatu lanetan ibili da.
Ikusteko dago oraindik tunisiarrek nola hartuko duten lehen ministro berria. UGTT sindikatuak, Tunisian indar gehien duenak, dagoeneko argi adierazi du ez duela Essebsi onartuko. Izan ere, Mebaza presidenteak eragile politiko eta sozialekin negoziatu gabe hartu du Essebsi izendatzeko erabakia, eta horrek hainbat erakunderen errezeloa eragin du. Sindikatuko bozeramaile Habib Brikik esan du ez dela nahikoa lehen ministroa bakarrik aldatzea: «Gobernua goitik behera aldatzea nahi dugu, ez delako iraultzaren helburuetako bakar bat ere betetzen ari».
Tunisia jotzen dute herrialde arabiarrak astintzen ari den protesta-olatuaren sorlekutzat. Ben Alik urtarrilaren 14an utzi zuen herrialdea, hilabeteko manifestazioen ondoren. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Komisariotzak emandako datuen arabera, 219 lagun hil eta bostehundik gora zauritu ziren manifestari eta polizien arteko liskarretan. Ben Alik 23 urte zeramatzan agintean.
Protestak herrialde arabiarretan
Tunisiako agintea noraezean utzi du Ganutxiren dimisioak
Beji Said Essebsi izango da behin-behineko lehen ministroa; UGTT sindikatuak esan du ez duela onartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu