Zine El Abidine Ben Ali Tunisiako diktadoreak duela astebete alde egin zuen eta orduan sortu zen behin-behineko gobernuak ez ditu herritarrak konbentzitzen, diktadorearen gobernuan erroturik zeuden askok osatzen dutelako talde berria, horien artean Mohammed Ganutxi lehen ministroa dago. Hori dela eta, egunero ateratzen dira kalera herritarrak dimisioa eman dezaten eskatzera, eta lehen ministroak haiek baretu nahi izan ditu esanez hauteskundeetara ez dela aurkeztuko: «Nire eginkizuna da Tunisia trantsizio garaitik ateratzea, eta presidentetzarako hautagai izendatzea proposatuko balidate ere, ez nuke onartuko».Hauteskundeak «behar bezala» egin daitezen antolatzea du helburu, «Tunisiak benetako demokrazia eskuratzeko».
Ben Alirekin hautsi dutela azaltzeko hainbat neurri hartu dituzte gobernuko kideek; besteak beste, diktadorearen RCD Batzar Konstituzional Demokratikoa alderdia utzi dute, edota aro demokratikoari bidea egiteko alderdiak legeztatu eta preso politiko asko askatu dituzte —ez denak agindu bezala—, baina manifestarientzat ez da nahikoa.
Poliziak kalean
Matxinada hasi zenean kalean manifestariak tirokatzen zituzten haiek orain kalera atera dira protesta egitera herritarrekin batera. «Ez gara martirien odolaren erantzuleak», esanez manifestatu ziren atzo ehunka polizia, armadak zaintzen zituen bitartean. Haiek ere bat egin dute gobernua aldatzeko eskatzen dutenekin.
Tunisiako lehen ministroak bozen ostean politika utziko duela iragarri du
Diktadurarekin zerikusia duten agintari guztiek dimisioa eman dezatela eskatu dute beste behin herritarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu