Tunisiako oposizioko alderdi nagusiaren buruzagia atxilotu dute

Ennahdak «bilakaera oso arriskutsutzat» jo du Ghannutxiri gertaturikoa. Gobernuak indar horren eta FSN koalizioaren bilkurak debekatu ditu

Tunisiako Ennahda alderdiaren buru Ghannutxi, iragan otsailean. M. M. / EFE.
ander perez zala
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Tunisiako Poliziak Ratxed Ghannutxi atxilotu zuen herenegun gauean, Ennahda alderdi islamistaren buruzagi eta parlamentuko presidente ohia. Haren etxean izan ziren, eta miatu egin zuten; gerora, alderdi hori kide den FSN Salbaziorako Fronte Nazionala koalizioaren presidente Ahmed Nejib Txebbik atzo azaldu zuen ospitaleratu egin zutela, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Kais Saied presidentea 2021eko uztailean parlamentua desegin eta dekretu bidez gobernatzen hasi zenetik, haren oposizioaren kontrakoen atxiloketak eta prozesu judizialak ugaritu besterik ez dira egin. Ennahdaren buruzagiaren kasua da, hain justu, horren erakusle argia: iazko uztailean eta azaroan deklaratu behar izan zuen epaile baten aurrean, eta gauza bera egin zuen duela bi hilabete.

Ghannutxik esana du bere kontrako prozesuak agintariek «asmaturiko arazoak» direla, eta helburu dutela «herritarrek egiazko arazoen arreta galtzea». Ennahdaren buruzagiak argudiatu izan du Saiedek «oposizio politikoa ezabatu» nahi duela, eta «adierazpen askatasunari ahoa estali» nahi diola operazio horien bitartez. Alderdi islamistaren buruari diru garbiketa eta indarkeria sustatzea leporatu diote. Hori dela eta, iaz, bidaiatzeko debekua ezarri zioten, eta bankuko kontua izoztu.

Ennahda kritiko agertu da hilabeteotan gertaturikoarekin, eta ukatu egin ditu bere kideen kontrako akusazioak. Ghannutxiren kasuan ere, herenegun gauean «bilakaera oso arriskutsutzat» jo zuen buruzagiaren atxiloketa, eta exijitu zuen berehala askatzeko.

Iazko agintaldian oposizioko alderdi nagusia izan zeneko hamar bat goi kargudun daude egun espetxean —ustelkeria eta konplota leporatzen diete—. Ennahdako presidenteorde eta Barne ministro izandakoa, kasurako, iazko abendutik dago kartzelan, ustez jihadistak errekrutatzeagatik. Eta atzo alderdi horretako beste bi goi kargudun atxilotu zituzten, Muhammad al-Qumani and Belkacem Hasan.

Oposizioarekin lotuta, Ghannutxiren atxiloketaren egun berean dekretu bat sinatu zuen, herenegun, Kamal Feki Barne ministroak, eta atzo jakinarazi zuten horren edukia: Ennahdaren eta alderdi hori kide den FSNrenbilkurak debekatu ditu. Zehazki, alderdi islamista ezingo da elkartu herrialde osoan, eta FSN, hiriburuan.

Tunisiako Parlamentua iragan martxoan bildu zen berriz, abenduan eta urtarrilean egindako hauteskundeen ondoren. Dena den, presidentearen kontrakoek boz horiek boikotatu zituzten, eta parte hartzea %11,22koa izan zen. Horren ondorioz, Saieden aldeko Uztailaren 25eko Mugimenduak bildu zuen ordezkaritzarik handiena, 161 eserlekuetatik 80.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.