Tunisia

Tunisiako oposizioko alderdi nagusiaren buruzagia atxilotu dute

Ennahdak «bilakaera oso arriskutsutzat» jo du Ghannutxi atxilo eraman izana, eta hura berehala askatzeko exijitu du; gerora jakin da ospitaleratu egin dutela. Gobernuak debekatu egin ditu indar horren eta presidentearen kontrako FSN koalizioaren bilerak.

Ratxed Ghannutxi Tunisiako Ennahda alderdiaren burua, iragan otsailean, epailearen aurrean deklaratu aurretik, Tunisen. MOHAMED MESSARA / EFE
ander perez zala
2023ko apirilaren 18a
13:04
Entzun

Tunisiako Poliziak Ratxed Ghannutxi atxilotu zuen atzo gauean, Ennahda alderdi islamistaren buruzagi eta parlamentuko presidente ohia. Haren etxean izan ziren, eta miatu egin zuten; gerora, El-Auinako atxilotze zentrora eraman zuten, han galdekatzeko, baina Ennahdak gaur esan du ez dakitela non dagoen. Gerora, alderdi hori kide den FSN Salbaziorako Fronte Nazionala koalizioaren presidente Ahmed Nejib Txebbik azaldu du ospitaleratu egin dutela, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Kais Saied presidentea 2021eko uztailean parlamentua desegin eta dekretu bidez gobernatzen hasi zenetik, haren oposizioaren kontrakoen atxiloketak eta prozesu judizialak ugaritu besterik ez dira egin. Ennahdaren buruzagiaren kasua da, hain justu, horren erakusle argia: iazko uztailean eta azaroan deklaratu behar izan zuen epaile baten aurrean, eta gauza bera egin zuen duela bi hilabete.

Ghannutxik esana du bere kontrako prozesuak agintariek «asmaturiko arazoak» direla, eta helburutzat dutela «herritarrek egiazko arazoetan arreta galtzea». Ennahdaren buruzagiak argudiatu du Saiedek «oposizio politikoa ezabatu» nahi duela, eta «adierazpen askatasunari ahoa estali» nahi diola operazio horien bitartez.

Alderdi islamistaren buruari diru garbiketa eta indarkeria sustatzea leporatu diote. Hori dela eta, iaz, bidaiatzeko debekua ezarri zioten, eta bankuko kontua izoztu; buruzagiarena, zein senide batzuenak izoztu zituzten, baita zenbait alderdikiderenak ere.

Ennahda kritiko agertu da hilabeteotan gertaturikoarekin, eta ukatu egin ditu bere kideen kontrako akusazioak. Ghannutxiren kasuan ere, atzo gauean esan zuen buruzagiaren atxiloketa «bilakaera oso arriskutsua» dela, eta exijitu zuen berehala askatzeko.

Iazko agintaldian oposizioko alderdi nagusia izan zenaren hamar bat goi kargudun daude egun espetxean —ustelkeria eta konplota leporatzen diete—. Ennahdako presidenteorde eta Barne ministro izandakoa, kasurako, iazko abendutik dago kartzelan, ustez jihadistak errekrutatzeagatik. Eta gaur alderdi horretako beste bi goi kargudun atxilotu dituzte, Muhammad al-Qumani and Belkacem Hasan.

Oposizioarekin lotuta, Ghannutxiren atxiloketaren egun berean dekretu bat sinatu zuen, atzo, Kamal Feki Barne ministroak, eta gaur jakinarazi dute horren edukia: Ennahdaren eta FSNren bilkurak debekatu ditu. Zehazki, alderdi islamista ezingo da elkartu herrialde osoan, eta koalizioa, hiriburuan.

Parlamentua, oposiziorik gabe

Tunisiako Parlamentua iragan martxoan bildu zen berriz, abenduan eta urtarrilean egindako hauteskundeen ondoren. Dena den, presidentearen kontrakoek boz horiek boikotatu zituzten, eta parte hartzea %11,22koa izan zen. Horren ondorioz, Saieden aldeko Uztailaren 25eko Mugimenduak bildu zuen ordezkaritzarik handiena, 161 eserlekuetatik 80.

Datu horiek izanda ere, presidenteak aurrera jarraitu zuen, iragan uztailean egin zuen modura, konstituzio berriari buruzko erreferenduma ontzat jo zuenean. Botoa eman zezaketenen %30,5ek egin zuten hori, eta horien %94k baiezkoa eman zioten lege nagusiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.