Asma Hedi Nairi. Blogari eta ekintzaile tunisiarra

«Tunisiakoa ez zen izan Facebook iraultza, kaleko iraultza baizik»

Ben Ali Tunisiako presidente ohia boteretik bota zuteneko urtemugan, Nairiri iruditzen zaio demokraziarako bidea egin dutela udaberri arabiarraren sorterrian. Uste du giza indarrean sinets daitekeela erakutsi zutela kalean egindako protestetan.

COSIMO CARIDI.
Ane irazabal
Turin
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Asma Hedi Nairi blogari tunisiarrak (Mahdia, 1988) joan den urtarrileko iraultza gidatu zuen herritarren talde handiena ordezkatzen du: gaztea eta emakumea. Iraultza baino lehenago besarkatu zituen sare sozialak; batez ere, Amnesty Internationalen lan egiten zuenean. Facebookeko haren orria, berriz, erreferentziazkoa bilakatu zen iraultzaren egunetan. Politika Zientzietako lizentzia lortu berri du, eta Italian da egunotan, hedabide europarrek udaberri arabiarrari buruz ematen duten «irudi desitxuratua apurtzeko asmoz». Tunisiak aurrerantzean izango dituen erronken inguruan mintzatu da BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

Gaur urtebete, Zine el-Abidine Ben Ali boteretik bota zuten herritarrek. Iazko iraultzan zuzenean parte hartu zenuen. Zer geratzen da hango espiritutik?

Iazkoa duintasunaren aldarrikapen handi bat izan zen. Hori da jaso dugun ondarerik handiena. Horrela, adierazpen askatasuna lortu dugu, eta ezaugarri hori biziki adierazgarria da hedabideak aztertzen baditugu. Gobernua eta politikariak kritikatzeko gai gara, eta gure ahotsa altxa dezakegu. Oposizioa eta gizarte zibila ere indartsu ari dira hezurmamitzen. Joan den urtetik 5.000 gobernuz kanpoko erakunde sortu dira Tunisian, eta gizartea inoiz baino aktiboago sumatzen dut, lan egiten jarraitzeko gogotsu. Etapa berri batean gaude, aldaketen garaian. Hauteskundeen ostean, hasiak gara gizarte berria eraikitzen. Uste dut horretan jarri behar dugula arreta.

Facebook iraultza bezala definitu ohi da Tunisiakoa. Blogaria zaren neurrian, sare sozialen protagonismoa gehiegi puztu dela iruditzen al zaizu?

Tunisiako ez zen izan inola ere Facebook iraultza, kaleko iraultza baizik. Herritarrok kalean egin genuen protesta, ez ordenagailuen pantailen aurrean. 300 martiri utzi zituen armadaren indarkeriak, eta horiei errespetua zor diegu. Facebook eta Interneteko bestelako plataformak bitartekariak izan ziren kalean gertatzen ari zena ezagutzera emateko. Hein handi batean sakelako telefonoen rola apurtu zuten, garai hartan kontrolatuta baitzeuden. Sare sozialak erreminta garrantzitsuak izan ziren zentsurari burla egiteko. Baina, kontuz, kalean gertatu zena egiazkoa izan zen, eta hori ez zuten egin sare sozialek.

Emakumea eta gaztea izanik, nolakoa iruditzen zaizu Tunisia berriaren eraikuntzan emakumeek duten rola?

Tunisiako emakumeak beti izan gara burujabeak, eta hala erakutsi genuen iraultzan. Herrialde berri bat eraikitzera bidean gara, eta emakume gisa zuzenean parte hartzen ari gara orain ere.

Zeintzuk uste duzu direla herrialdeak gaur egun dituen arazorik larrienak?

Langabezia tasa altua eta emigrazioa dira gure arazo kronikoak. Gazte tunisiarren %10ek herrialdetik alde egiten dute, ez dutelako bertan lanik topatzen. Duintasuna ere horretan datza. Zergatik bidali behar ditugu gure gazteak beste herrialde batera? Lanpostuak sortu behar ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da gurean nagusi den ustelkeria amaitzea eta ekonomia berri baten alde egitea.

Hiru hilabete pasatu dira bozak egin zirenetik. Tartean, Batzar Konstituziogilea ezarri da, baita gobernu berria ere. Nolakoa da gobernuaren lana?

Herritarrok sumatzen dugu gauzak era garbian egiten eta gure herrialdearen alde lan egiten saiatzen ari direla. Oro har, herritarrek errespetatzen dute Tunisiako populazioak hauteskundeen bidez erabaki zuena. Gobernu berriari aukera bat eman diogu, eta aukera horrek aldaketak gauzatzeko denbora eskatzen du.

Tunisian islamismo moderatua izan da garaile. Marokon eta Egipton ere bai. Mendebaldea arduraz ari zaio begira herrialde arabiarren bira islamistari. Estatuaren eta erlijioaren arteko haria fina dela dirudi...

Tunisiarrek demokratikoki alderdi islamista batean jarri badute konfiantza, inork ez du zer esanik. Herritarren %90 erlijiosoak dira, eta hori ezin da ezkutatu. Gobernuak ez du xaria inposatuko, ezta emakumeak beloa jartzera derrigortuko ere. Baina herritar bakoitzak askatasuna izan beharko luke nola bizi nahi duen erabakitzeko. Mendebaldean indartsu hazten ari den islamofobiak eragin handia izan du ardura hori zabaltzeko orduan. Erlijio guztietan bezala, desberdindu behar ditugu alderdi islamistak eta estremistak. Ennahdak agintzea ez da inor arduratzeko moduko faktore bat. Bestalde, erlijioaren eta estatuaren arteko harremana ere argia da laikotzat jotzen diren herrialde askotan. Zergatik ez dira onartzen Italian ezkontza homosexualak? Zein da Vatikanoak horretan duen eragina?

Zuek izan zineten udaberri arabiarraren abiapuntua. Urtebeteren ostean, hozten ari al da mugimendua?

Desberdintasunak desberdintasun, errebolta gehienak espontaneoak eta ustekabekoak izan ziren. Beraz, zaila da jakitea non eta noiz piztuko den iraultza agerraldia. Mugimendua, baina, ez dago lo. Egipton blokeatuta dago, armadak ez baitio botereari uko egin nahi, baina ziur nago poliki-poliki aurrera egingo dutela. Siriako eta Libiako kasuak oso korapilatsuak dira, eta luze joko dute. Yemenen eta Bahrainen, berriz, kostata dakigu zer geratzen ari den. Nire ustez, 2012a Palestinaren urtea izango da, eta baliteke hirugarren intifada piztea.

Zein ekarpen egin dizkio Tunisiako iraultzak munduari?

Giza indarrean sinets daitekeela erakutsi dugu. Aginteko elitea astintzeko gai izan gara, eta gure olatura erakarri ditugu ondokoak. Oro har, mundu arabiarrak bere nortasuna aldarrikatzeko momentu polita bizi du. Garai bateko panarabismoa berreskuratzen ari garela dirudi. Ideien eta itxaropenen iraultza aldarrikatzen ari gara, Mendebaldera begiratu gabe. Gainera, hartu-eman politikoetatik salto egin eta izugarrizko elkartasuna erakutsi dugu herrialde arabiarretako herritarron artean. Autoestimua berreskuratu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.