Tunisiako Gobernuak aurkeztu duen aurrekontuaren aurkako protestak etengabe handitu dira azken hiru egunotan. Poliziak gaur goizean jakinarazi duenez, 565 pertsona atxilotu dituzte herrialde osoan egin dituzten manifestazioetan; horietako 328, bart arratsean. "Lapurreta eta sabotaje ekintzetan" parte hartzea leporatu diete, Barne Ministerioak erran duenez. Hurrengo iganderako manifestazio handi bat antolatu dute Tunisen, gobernuaren austeritate politikak eta eskubide zibilen murrizketak salatzeko. Hilaren 14a da heldu den igandea, eta zazpi urte beteko dira Zine el-Abidine Ben Ali presidenteak herrialdetik alde egin zuenetik, 24 urtean modu autoritarioan agindu ondotik.
Azken mobilizazioak asteburuan hasi ziren, Fex nastanneu? (Zeren zain gaude?) plataformak deituta. Orain arteko gobernuek gastu publikoa handitzearen alde egin dute, baina Yusef Xaheed lehen ministroak kreditu baten bidez kontu publikoak garbitzeko erabakia hartu du. NDF Nazioarteko Diru Funtsak 2.500 milioi euroko kreditu bat eman zion 2017an Tunisiako Gobernuari, hainbat erreforma egitearen truke: zergen igoera, estatu laguntzen murrizketa eta administrazioan erreformak —bertzeak bertze, funtzionarioak kaleratzea—. Horiek 2018. urtea hastearekin batera sartu dira indarrean.
Astelehenaz geroztik, protestak herrialde osora zabaldu dira, eta toki anitzetan manifestariek eta poliziek liskarrak izan dituzte.