Tunisian gobernu berria onartu dute

Aise babestu dute Hixem Mexixi lehen ministroak aurkeztutako gobernua: aldeko 134 boto jaso ditu, eta 67 kontrako.

Hixem Mexixi lehen ministroa, Tunisiako Parlamentuan atzo eginiko saioan. MOHAMED MESSARA / EFE
2020ko irailaren 2a
13:41
Entzun

Tunisiako Parlamentuak babesa eman dio Hixem Mexixi lehen ministroak aurkeztutako gobernuari. Atzo egin zuten bozketa, aurreko gobernuak ustelkeriagatik dimisioa eman ostean, eta aldeko 134 boto eta 67 kontrako jaso ditu. 

Uztail amaieran, Kais Said presidenteak Hixem Mexixi teknokrata izendatu zuen gobernuburu. Mexixi, kargugabetutako gobernuan Barne ministro zena, bederatzigarrena izango da lehen ministro kargua hartzen 2011n Udaberri Arabiarrak izenez ezagun egin ziren matxinadak bultzatu zituen altxamendutik. Haren aurrekoen kasuan bezala, lehentasunen artean du ustelkeriaren aurka egitea.

Saioa hasi baino ordu batzuk lehenago emandako diskurtsoan azaldu zuen bere programa, eta jakinarazi “erreforma administratiboak eta fiskalak” egingo zituela herrialdea krisi politiko eta sozial larritik ateratzeko asmoz. 

Gobernuaren dimisioa

Koalizioa osatzen zuten alderdien artean Joera Demokratikoa zegoen, zeinak hasieratik jarri duen ustelkeriaren aurkako borroka bere programa politikoaren erdigunean. Buruzagia, Mohamed Abbu, Ben Aliren aurkari historikoa izandakoa, Funtzio Publikorako ministro izendatu zuten, eta alderdiko bigarrena, Ghazi Xauaxi, Estatuaren Jabetzarako ministro, administrazioko oinarrizko bi postu. Ondorioz, gobernuak iraun zuen bost hilabeteetan, hogei funtzionarioren baino gehiagoren aurkako ustelkeria auziak hasi zituzten, tartean goi kargudun ohien aurkakoak; besteak beste, errepideetako zuzendari izandakoaren kontrakoa.

Hala ere, paradoxikoki, botere trafikoari lotutako eskandalu batek eragin zuen gobernuaren gainbehera. Gobernuburuak, Elias Fajfalek, zeinak teknokrata profila zuen alderdi txiki bateko buru izan arren, apirilean 14 milioi euroko balioa zuten hondakinen kudeaketarako bi lehiaketa publiko irabazi zituen enpresa bateko akzioen %20 zituen. Nahiz eta ez dagoen frogarik esateko Fajfalek bere enpresari mesede egiteko esku hartu zuela, hilabete iraun zuten eztabaiden eta Ennahda alderdiko islamista moderatuen babesa galdu ondoren, lehen ministroak amore eman eta dimisioa aurkeztu zuen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.