Mundua

Turisten ontzi bat hondoratu eta gutxienez sei lagun hil dira Kolonbian

170 lagun zihoazen itsasontzian, eta desagertuta daude gutxienez hamasei. Guatape urtegian izan da ezbeharra, Kolonbia ipar-ekialdean.

Erreskate lanak. EFE
2017ko ekainaren 26a
08:51
Entzun

Igandeetan, Guatape urtegian jendea paseatzen du El Almirante itsasiontziak, eta, atzo, hondoratu egin zen horretan ari zenean. 170 lagun inguru zeramatzan ontziak, eta minutu gutxian urperatu zen, han egun-pasa egiten ari ziren milaka lagunen begien aurrean.

"Argazkiak egiten ari ginen. Oso egun ederra zegoen. Une babetik bestera, burrundada handia entzun genuen. Ezkerreko zatia hautsi zen, eta ontzia hondoratzen hasi zen alde hartara". Jose Gilberto Villegasek kontatu du, ezbeharretik bizirik atera ostean.

Lau solairu zituen itsasontziak, eta jendez gainezka ikusten dira haiek denak turistek grabatutako bideoetan. Balantzaka ikusten da ontzia, harik eta hondoratu arte. Inguruetan zebiltzan itsasontziak berehala gerturatu ziren, baina ez zen nahikoa izan jende guztia erreskatatzeko.

Sei lagun hil dira gutxienez, eta desagertuta daude hamaseitik hogeira bitarte. 133 lagun zenbatu dituzte bizirik. Ezin da seguru jakin zenbat lagun dauden desagertuta, ezin baita seguru baieztatu itsasontzian zenbat lagun zeuden. Azken balantzearen arabera, 133 lagun atera dira onik, hamasei daude desagertuta, eta sei hil dira. Armadako urpekariak lanean ari dira jendearen bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.