Turkia EBn sartzeari argi berdea eman dio Europako Batzordeak

Ankarak baldintzak beteko ez balitu, negoziazioak bertan behera utziko lituzke Europako Batasunak

arantxa elizegi egilegor
2004ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Turkia Europako Batasunean sartzeko negoziazioak hasteko aholkatu zuen atzo Europako Batzordeak. Aldi berean, baina, giza eskubideak eta demokrazia errespetatu ezean, negoziazioak bertan behera geratuko liratekeela iragarri zuen. Hala ere, datorren abenduaren 17an erabakiko dute EBko gobernuburuek Ankararekin negoziatzen hasiko diren. Horrela balitz ere, Turkiak ezin izango luke Europako Batasunean sartu 2015a arte, gutxienez.

Bulgaria eta Errumaniari dagokienez, hemendik bi urtera sartu ahal izango dira Europako Batasunean. Baldintzak beteko ez balituzte, ordea, urtebete atzeratuko litzateke bat egitea. Ustelkeria, prentsa askatasunik eza eta pertsonen trafikoa dira bi herrialde horiek konpondu beharreko arazo nagusiak. Esaterako, pertsonen trafikotik bizi diren erakunde askok herrialde horietan egiten dute lan.Romano Prodi Europako Batzordeko presidenteak azaldu zuenez, Turkiak bete ditu EBk jarritako baldintzak. Hala ere, «baiezkoa mugatua» izan dela esan zuen. Erabakia hartzerakoan, batzordeko kide gehienak bat etorri zirela azaldu zuen Prodik. EBk hitz egiten hastea onartuko balu, negoziazioak datorren urtearen lehen erdian hasiko diren itxaropena azaldu zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak. «Gobernuak egin dituen erreformak Europaren balio demokratikoekin bat egiteko prest gaudela frogatzen du», esan zuen lehen ministroak. Prodi ere bat etorri zen Erdoganekin, eta erreformek herrialde horretako gizartean «eragin handia» izango dutela iragarri zuen. Baina asko dagoela egiteko nabarmendu zuen.

Aldeko eta aurkako iritziak

Guenter Verheugen EBko Hedapen komisarioaren esanetan, bestalde, negoziatzea aholkatu izanak ez du esan nahi Turkia EBko kide bilakatuko denik: «Bileretan batasunik lortuko ez bagenu, Ankara EBko azpiegituretan barneratzeko bestelako irtenbideak aurkitzen saiatuko ginateke». Bat egitea bi aldeentzako aurrerapauso handia izango litzatekeela nabarmendu zuen Hedapen komisarioak.

Hans-Gert Poetterin Europako Alderdi Popularreko burua, aldiz, Batzordearen erabakiaren aurka agertu zen: «Turkiarekin bat egingo bagenu, hasierako proiektua aldatu eta EBren bake egitasmoa arriskuan egongo litzateke». Horretaz gain, zalantzan jarri zituen Erdoganek egindako erreformak eta torturadesagertu dela esatea «zinikoa» zela esan zuen. Franzis Wurtz Europako Ezker Batuko buruak, «Europa zuri eta katolikoaren nostalgikoak eta arduragabeak» izatea leporatu zien bat egitearen aurka zeudenei. «Musulman izateagatik iraindu nahi dute», esan zuen. Europako Alderdi Sozialistako burua den Martin Schulzen arabera, bakea lortzeko aukera handiagoa da, Turkiarekin bat eginez gero. «Musulmanek gure balioak onartuko balituzte, islama eta bakea bateraezinak direla dioen teoria gezurtatuko genuke», esan zuen.Graham Wilson Alderdi Liberaleko buruzagiaren ustez, bestalde, bat egiteak demokrazia eta aniztasuna bultzatuko luke: «Hori bera gertatu zen 1980ko hamarkadan, Grezia, Portugal eta Espainiarekin ere», azaldu zuen.Franz Fishler Nekazaritzarako komisarioaren esanetan, baina, bat egiteko aukerarik badagoen arren, prozesua ez da erraza izango. Negoziazioekin aurrera egin ahal izateko Ankarak zenbait baldintza bete beharko dituela esan zuen Fishlerrek. Horretaz gain, prozesua ez dela aurreko herrialdeekin jarraitutako bezalakoa izango azaldu zuen. Abdula Gul Turkiako Atzerri ministroak Italiako La Repubblica egunkariari adierazi zionez, EBk aholkua ez onartzea erabakiko balu, Ankarak «gogor» erantzungo luke. «Ez dugu baldintza berezirik onartuko, jadanik egin ditugulako eskatutako erreformak», adierazi zuen Gulek. Era berean, Europako Batzordearen txostenak objektiboa izan behar duela adierazi zuen, hala izan ezean Ankarak onartuko ez lukeelako.Turkia EBn orain sartuko balitz, Alemaniaren atzetik herrialderik handiena litzateke. Aurreikuspenak betez gero, ordea, 2015erako EBko estatu populatuena litzateke. Ondorioz, Ankarak izango luke botere handiena erabakiak hartzerakoan.

-

Turkia onartzeko baldintzak



Negoziazioak: Europako Batzordeak negoziazioak bertan behera uzteko aholkatuko luke, askatasunaren, demokraziaren, giza eskubideen, oinarrizko askatasunen edo Zuzenbide estatuaren aurkako eraso larririk egongo balitz.

Etorkinak: Turkiatik EBko beste herrialdeetara doan etorkin kopurua mugatuko luke Europako Batasunak, denbora batez. Hori bera egin zuen EBk lehendik bat egin zuten beste 10 herrialdeekin ere.

Emakumeen eskubideak: Europako Batzordearen arabera, emakume turkiarren eskubideak ez ditu bermatzen Ankarak. Bazterketa eta ohore hilketak amaitu behar ditu Erdoganen gobernuak.

Tortura: Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek tortura kasuak salatu dituzte. Gobernuak tratu txarrik ez dela izango bermatu behar du.

Kurduak: Ankarak kurduen eskubideak bermatu eta errespetatu behar dituela nabarmendu du Europako Batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.