Kazetariak eta poliziak dira atxilotuetako gehienak. Besteak beste, Ekrem Dumanli Zamam egunkariko edizio arduraduna eta Hidayet Karaca Samanyolu komunikazio taldeko presidentea atxilotu dituzte; Gulen mugimenduaren gertukoak dira bi hedabideak.
Hamahiru eskualdetan egin dituzte atxiloketak, eta kritika ugari jaso ditu Turkiako Gobernuak. "Ikusten ari garen prozesua ez da demokrazia batean ikusten. Estatu kolpe bat da", esan du Kemal Kilicdaroglu CHP Alderdi Errepublikar Popularreko buruak.
Europako Batasunetik eta Ameriketako Estatu Batuetatik ere heldu zaizkio kritikak Turkiako Gobernuari. AEBek eskatu diote errespeta ditzala prentsa askatasunaren "oinarrizko balioak". EBk, berriz, ohartarazi du atxiloketak "bateraezinak" direla informazio askatasunarekin, eta printzipio hori "demokraziarako funtsezkotzat" jo du.