Turkian, gose greba egitea erabaki dute atxiloturik dauden 20 kazetariek. KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren aurkako operazio gogorrenetako bat egin zuen atzo Turkiako Gobernuak: 42 kazetari atxilotu zituen, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari laguntzea eta KCKren Kultura eta Prentsa batzordeko kideak izatea egotzita. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduaren esanetan, atxiloketak «herritarren aurkako kolpea» dira, eta «komunikabide libreak isilaraztea» dute helburu.
Atxilotuak kurduen komunikabide nagusietako kazetariak dira, hala nola Bir Gun eta Ozur Gundem egunkarietako eta Etha Diha eta Anf agentzietakoak. Legearen arabera, gehienez lau egun eduki ditzakete preso aske utzi edota epaitu aurretik. Bitarte horretan, gose grebari ekingo diote 20 kazetarik. Horrekin batera, Turkiako kazetari eta aditu kurduek itun bat sinatu dute, atxiloketen aurka protesta egiteko. Itunaren arabera, «esfortzu handiarekin sortutako komunikabide askeei eraso die Turkiako Gobernuak, eta horrek agerian utzi du AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak ez duela kurduen egoera konpontzeko asmorik». Horrez gain, nazioarteko komunikabideek informazioa «oker» eman dutela salatu dute kurduen komunikabideek, askok zuzenean«erruduntzat» jo dituztelako atxilotutako kazetariak.
«Faxisten lana» bukatzen
BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko kide Hasip Kaplanek AKPri leporatu dio1980an Kenan Evren jeneralak emandako kolpe militarrarekin jarraitzea: «Kenan Evrenen junta faxistak hasitako lana bukatu nahi du AKPk».
Filiz Koçali BDPko bozeramailearen arabera, kurduen aurkako erasoak AKPren zapalketaren ondorioa dira: «Lehenik politikarien aurka egin zuten; ondoren, abokatuen aurka, eta orain, komunikabideei erasotzen diete». KCKren aurkako operazioetan bi mila lagun atxilotu dituzte EB Europako Batasuneko txostenaren arabera.
Turkiak atxilotutako kazetari kurduek gose greba hasiko dute
BDP alderdi kurduak «herritarren aurkako kolpetzat» jo du 42 kazetarien espetxeratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu