Salbuespen egoera Turkian

Turkiak bertan behera utziko du Giza Eskubideen Europako Hitzarmena

Frantziaren ereduari jarraituko dio Ankarak, eta salbuespen egoerak iraun bitartean eskubideak murriztuko ditu. Gobernuak dio 40 eta 45 egun artean indarrean egongo dela.

Erdogan, atzo, agerraldi batean. EFE
Adrian Garcia.
2016ko uztailaren 21a
08:19
Entzun

Kolpe saiakeraren ondorengo zigor kanpainarekin jarraituko du AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren gobernuak, eta oposizio ororen aurka nahieran egiteko eskuak aske izan nahi ditu. Horregatik, Ankarak azaldu du "demokrazia bermatzeko" eskubideak murriztuko dituela, eta nazioarteko akordioak ez dituela errespetatuko, Europako Giza Eskubideen Hitzarmena tartean. Mendebaldeko herrialdeetatik kritikak jaso aurretik aurrekariak prestatu ditu Ankarak, ohartarazi baitu Frantziak ere era berean jokatu zuela. Parisek indarrean du salbuespen egoera iazko azarotik, eta Europako Giza Eskubideen Hitzarmena bertan behera utzia du.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri du hiru hilabetez luzatuko duela salbuespen egoera, baina gobernuko beste iturriek adierazi dute 40 eta 45 egun artean iraun dezakeela.

Iragan astean armadako zati batek kolpea eman ondotik estatu egiturak garbitzeko atsedenik ez du hartu gobernuak: 50.000 funtzionario baino gehiago kaleratu ditu, eta 6.000 pertsona baino gehiago atxilotu. Salbuespen legeak oposioko kideak zokoratzeko ahal handiagoak emango dizkio AKPri; adierazpen eta mugimendu askatasuna eta biltzeko eskubidea murrizten du, eta etxean geratzeko aginduak ezartzeko aukera ematen. Halere, oposizioak salatu izan Ankarak eskubide horiek lehendik ere urratu dituela. Bestalde, segurtasun indarretako kideek errenditzeko aginduari men egiten ez dien oro tirokatu ahalko dute, eta kargurik aurkeztu gabe atxilotzeko epea 48 orduetatik luzatu.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.