Errefuxiatuak

Turkiak Europarako mugak ireki dizkie errefuxiatuei

Ankarak adierazi du Siriako gatazkaren eraginez duten egoera dela-eta ezin dituztela errefuxiatu gehiago hartu. Ehunka migratzailek mugarako bidea hartu dute.

Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 28a
12:53
Entzun

Siriako gatazkan tentsioa areagotu da, eta Europako Batasunaren babesa lortzeko bidean errefuxiatuei Europarako bidea ireki die Turkiak. Adierazpen horiekin batera, 300 errefuxiatutik gorako talde batek mugarako bidea hartu du, eta beste ugari kostara gerturatu dira, Egeoko irletarako bidea hartzeko prest. Turkiako Al Saba egunkariaren arabera, horien bidea ez eteteko agindua dute Poliziak, mugako agenteek eta kostazainek.

Greziak, ordea, armada bidali du ingurura, eta muga itxi du, eta, lekukoen arabera, poliziaz betetako autobusak bidali ditu mugara, iheslariak geldiarazteko. Gauza bera egin du Bulgariak ere, iheslariek Greziako muga itxita aurkitzean hara joko duten beldur. «Ez dira herrialdean sartuko. Paperik gabeko migratzaileak dira, eta ez diegu sartzen utziko, Mugako segurtasuna maila gorenera igo dugu», azaldu du Greziako Gobernuaren ordezkari batek.

«Errefuxiatuekiko gure politika lehengo berbera da, baina horiek hartu ezin ditugun egoera batean gaude», adierazi du Turkiako Gobernuko AKP alderdiko bozeramaile Omer Celikek. Haren esanetan, Siriako armadak herrialde hartako Idlib probintzian eginiko erasoaren ostean, hango herritarrek Turkiarako bidea hartu dute. Egun 3,7 milioi errefuxiatu daude Turkian, eta presidentetzako bozeramaile Fahretin Altunen esanetan, ez dago «beste milioi bat jasotzeko adina baliabide». Izan ere, milioi inguru dira Sirian Turkiarako mugarantz mugitu direnak, gatazkaren eta negu gogorraren eraginez.

Argitzearekin batera hasi dute askok mugarako bidea; oinez batzuek eta kotxeetan besteek. «Telebistan entzun dugu albistea», azaldu du 16 urteko afganiar batek. Taxian joan da Istanbuldik Greziako mugarantz. Beste askok autobusak antolatu dituzte Istanbulen eta handik lau ordura dagoen mugako Edirne hiriaren arteko bidea egiteko. «Elkarrekin sartu behar dugu Grezian. Mugan batu, eta karabana bat osatu behar dugu; horrela, zailago izango dute gu geldiaraztea», dio iheslari siriar batek. Ostegun gauerdian zabaldutako mezuaren arabera, 24 orduz zabalik izango da mugaren Turkiako aldea.

Lehendik ere ohartarazia zuen Ankarak ez zuela nahikoa baliabide Siriatik ihesean zihoazen guztiak hartzeko, eta Bruselari egotzi zion akordioan jasotako laguntzak eman ez izana –orotara 6.000 milioi euro emateko konpromisoa hartu zuen EBk, akordioak irauten zuen artean—.

Akordioa kolokan

2015ean sortutako errefuxiatuen krisiak izaniko ondorio berak izan ditzake erabaki honek. Kasu hartan, EBren eta Turkiaren arteko akordioarekin eten zen Europarako bidea hartu zuten errefuxiatu fluxua. Akordio haren arabera, besteak beste, Greziako irletara iristen diren migratzaileak Turkiara eramaten dituzte berriz ere. Trukean, itzulitako migratzaile bakoitzeko EBrako asilo eskaera egina duen Turkiako herritar bat onartzeko konpromisoa hartu zuen batasunak. Ordutik, nabarmen egin du behera Egeoko uharteetara iritsitako migratzaile kopuruak: Hilean 150.000 izatetik 3.000 izatera igaro zen.

Ordea, Europak ez du bete asilo eskatzaileak jasotzeko hitz ere, eta ondorioz, Greziako migratzaileentzako guneek gainezka egin dute. Azken asteotan Greziako Gobernuak iragarri du itxi egingo dituela uharteetan dituen kanpalekuak, eta iheslarientzako zentro itxiak eraiki Egeoko irletan. Bien bitartean, Europak otsailaren amaierarako iragarria zuen asilo politika berriei buruzko akordioa, baina gaur gaurkoz negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute.

Europako Batzordeak berretsi du Turkiako migrazio politikak ez direla aldatu, eta beraz, akordioak indarrean jarraitzen duela. Baina errealitatea bestelakoa da. Oraingoz, ez da iheslari olderik heldu Greziako mugetara, eta hark etengabeko patruilak jarri ditu bai 160 kilometroko lurreko mugan eta bai mila kilometro inguruko itsasoko mugan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.