Ekintzaile ezkertiarren aurkako operazioa egin zuen atzo Turkiako Poliziak. 60 bat lagun atxilotu zituzten denetara segurtasun indarrek, dozenaka etxe miatu ondotik. Orhan Yilmazkayak, Buru Iraultzaileko ustezko buruzagiak, baina, aurpegi eman zion Poliziari etxera sartu zitzaiolarik. Borroketan hiru lagun hil eta zortzi zauritu ziren. Hildakoen artean Yilmazkaya bera, polizia bat eta zibil bat daude. Zauritutakoetatik zazpi, berriz, poliziak dira. Zortzigarrena NTV telebista kateko kazetaria da.
Atzeman dituztenen artetik 11 Buru Iraultzaileko kide direla uste du Poliziak. «Talde ezkertiar bat da, mugimendu separatistarekin harremanak dituena», azaldu du Besir Atalay Turkiako Barne ministroak, Buru Iraultzaileak PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariekin lotura duela adierazteko asmoz. Iturri ofizialen arabera, Yilmazkayaren taldeak hainbat eraso egin ditu militarren eta agintean den AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiaren aurka.
Eta iturri horren arabera, eraso gehiago ere egiteko asmoa zuten atxilotutakoek, miatutako hainbat etxetan lehergailuak eta armak aurkitu baitituzte.
«Gudularia naiz, eta amaiera arte borrokatuko naiz». Halaxe adierazi dio Poliziari Orhan Yilmazkayak, segurtasun indarrek hil aurretik. «Seguruenik hil egingo naute, baina faxismoaren aurkako borrokak bere bidetik jarraituko du, iraganean bezala», gaineratu du ekintzaileen ustezko buruzagiak.
Turkiak ezkerreko militanteen aurkako sarekada egin du
Segurtasun indarrek 60 lagun atxilotu dituzte, eta borroketan hiru lagun hil eta zortzi zauritu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu