Moskutik Siriara abiatu zen Syrian Airlines konpainiako hegazkina Turkian lurreratzera behartu zuten hainbat hegazkin militarrek; haserre agertu da Siriako Gobernua, eta «aireko pirateriatzat» jo du ekintza. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren arabera, ordea, armagintza enpresa batek bidalitako materiala da. «Asma dezakezue zer dagoen barruan».
Hegazkinak 35 bidaiari zeramatzan, eta Ankaran lurreratzera behartu zuten. Bederatzi orduz eduki zuten bertan, bidaiari guztiak barnean zituela berriz aireratzeko baimena eman aurretik. Miaketaren ostean, zeraman zama konfiskatu zuten. Binali Yildirim Garraio ministroak adierazi du Turkiak bere aire eremua «bakegintzarako soilik» erabiltzen duela, eta kontrakoa gertatzen baldin bada «nazioarteko abiazio zibileko legediaz baliatuko» dela gaineratu du. Miaketa egin ostean, hamabi kutxa handi konfiskatu dituztela zabaldu dute Turkiako komunikabideek, barnean misilak fabrikatzeko piezak edo telekomunikazio militarretarako gailuak zeramatzala gaineratu dute.
Siria haserre agertu da, eta larritzat jo du gertakizuna. «Aire pirateriako» ekintzatzat jo dute bertako agintariek. Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du hegazkinak ez zeramala «inolako arma edo debekatutako zamarik», eta bahitutako guztia «inolako okerrik gabe» itzultzeko exijitu du. Hegazkinak zeraman guztia zamaren zerrenda ofizialean agertzen zela gaineratu dute. Horretaz gain, tripulazioari eta bidaiariei tratu txarrak eman izana egotzi diote Turkiari.
«Etsaitasunezko ekintza negargarri hau Turkiako Gobernuaren aurkakotasunaren beste adierazle bat da», Siriaren arabera. Turkiako agintarieiaurpegiratu die Siriako mugak gurutzatuta «artilleria trebatu, babestu eta sartzea». Dena dela, jarrera «erasokor» horrek ez duela Siriako eta Turkiako herritarren arteko laguntasunezko jarrera aldatuko azpimarratu dute.
Ildo beretik mintzatu da Syrian Airlines hegazkin konpainiako Gaida Abdulatif arduraduna ere. Tripulazioak eta bidaiariek pairatutako tratu txarrak salatzeaz gain, nazioarteko protokoloak ez direla aplikatu esan du, eta ondorioz aire istripu bat gertatzeko zorian egon zela, Turkiako armadako F-16 motako hegazkinak oso gertu izan baitzituen lur hartzera behartzean. Abdulatifen hitzetan «Abiazio Zibilerako Chicagoko Hitzarmenaren arauak hautsi dituzte, ez baitzaie inolako arretarik eskaini bidaiariei, ezta gertatutakoaren zergatiez informatu ere. Ondorioz, beldurtu eginziren eta beraien egoera psikologikoan eragin zuen».
Errusia, azalpen eske
Siriaren aliatu apurretarikoa da Errusia, eta hegazkina bertako hiriburutik abiatuta Turkiak geldiarazi izanak haserrea sortu du Moskun. Azalpenak emateko eskatu diote Turkiako Gobernuari, bidaiarien artean Errusiako herritartasuna zutenak bazirelako, eta «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko galdegin diote, «horrelakorik berriro ere gerta ez dadin», Alexandr Lukaxevitx Errusiako Atzerri ministroaren arabera.
Erdogan Turkiako lehen ministroak ezeztatu egin du gertakariok izatea Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdera egin behar duen bisita atzeratzeko arrazoia. «Duela lau egun telefonoz izandako elkarrizketa batean hitzartu genuen bisita atzeratzea, eta gure talde diplomatikoek datorren abenduaren 3an egitea erabaki dute».
Joan den urriaren 3an Siriatik jaurtitako obus batek bost lagun hil zituenetik Turkiaren menpeko Kurdistango Akçakale hirian, bi herrialdeen arteko harremana zeharo gaiztotu da.
Turkiak gerarazitako hegazkinean armak garraiatzea egotzi dio Siriari
Bi herrialdeek mugan izandako azken liskarren harira sortutako tentsioa areagotu du gertakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu