Aspalditik berotzen ari zen giroa, eta asteburu honetan lehertu da. Erdoganen soldaduek Afrin eskualdeko ehun bat puntu bonbardatu dituzte hegazkinekin, eta milizia kurduek esan dutenaren arabera, bederatzi pertsona hil dira eraso horietan. YPGko kide bat, YPJko bi eta sei zibil hil dituzte eraso horietan, miliziaren beraren hitzetan. Hamahiru pertsona ere zauritu direla adierazi dute (horietako bi 9 eta 11 urteko bi ume lirateke, iturri kurdu baten arabera).
Turkiak, gainera, Sirian aliatutzat dituen milizia batzuk (Siriako Armada Askea) igorri ditu, lurrez, Afringo eskualdera. Haien erasoei aurre egin diete milizia kurduek, eta atzera bota dituzte, beren esanetan. Iturri batzuen arabera, mugaldean tankeak biltzen ari da Turkiako armada, baina ez dago berretsita.
Turkiaren 72 F-16 gerra hegazkin sartu dira Afrinen (Siriako aire eremuan, beraz), eta 108 puntu bonbardatu dituzte, iturri ofizialen arabera. "PKK/KCK/PYD/YPGko eta EIko terroristen kontra" egin dituzte eraso horiek, Ankararen hitzetan; kurduek, YPG milizien leku batzuk bonbardatu dituztenik ukatu gabe, zibilen aurkako erasoak ere izan direla salatu dute.
Ostiralean hasi zituen bonbardaketak Erdoganek, baina lehen saioa besterik ez zen izan. Larunbat honetan, 16:00etan, lurrez eta airez erasotzeko agindua eman du Turkiako Armadaren Estatu Nagusiak. Olibondoaren adarra deitu diote operazio militarrari. Erasoa hasi aurretik, iturri ofizialek diotenez, Turkiako Armadaren Estatu Nagusiko buruak AEBetako eta Errusiako Estatu Nagusietako buruei dei egin die, berri emateko.
Kurduak mugakide
EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ekile gogorra izan dira miliziano kurduak; YPG/YPJ miliziek Siriako Indar Demokratikoen barruan, eta AEBen laguntzarekin, Siria eta Turkiaren arteko hainbat herri bere esku hartu dituzte, eta haien autonomia aldarrikatu. Erdoganek ahoan bilorik gabe sartzen ditu YPGak PKKren barruan: "Terroristak dira".
Turkiak ez du begi onez ikusten Siriako eremu hori kurduen esku egotea, eta Erdogan aspalditik ari zen haien kontrako eraso bat mamitzen. Ekin ere ekin zion, EI oraindik indarrean zegoela, eta egin zituen eraso batzuk Siriako kurduen kontra. Aste honetan, ordea, operazio militar zabalago bat hasi du.
AEBek aste honetan iragarri dute Siria eta Turkia arteko muga horretan 30.000 soldaduko indar bat trebatzeko asmoa duela, mugako segurtasuna bermatzeko argudioa emanda. Turkiaren protestak eragin ditu adierazpen horrek, eta AEBek gerora atzera egin badute ere, Erdogani erasoa hasteko falta zitzaion aitzakia agertu zaio.
Siriako kurduek gerran hartu dituzten lurretatik mendebaldeen dagoen eskualdea da Afrin, Mediterraneotik gertuen dagoena. Bakartua dago kurduek irabazitako beste eskualdeetatik, gainera. Katearen begi ahulenari eraso egin dio Turkiak, beraz.
Eta kurduak Afrindik botaz gero, Manbechen erasoa jarraituko duela iragarri du Erdoganek. Ehun bat kilometro ekialderago dago Manbech, Kobanera bidean. Horiek dira kurduek Siria iparraldean beren esku dituzten hiru eremuak.
Militar turkiarren esanetan, mugan "segurtasuna eta egonkortasuna" bermatzeko hasi dute operazio militarra. "EIren eta terrorista kurduen" aurka. YPG/YPJ milizia kurduek, berriz, Turkiari eta harekin lurretik erasoan ari diren milizia siriarrei deitu die "terrorista", eta halako erasorik ez duela onartuko erantzun dute.
Aurrezko aurreko borrokak
Larunbateko erasoa, airez hastearekin batera, lurretik ere hasi du Turkiak. YPGren Aginte Nagusiaren arabera, Kurdo eta Balia herrietan sartzen saiatu dira Turkiako soldaduak "eta haiek kontrolatutako terroristak", Siriako Armada Askeko kideak —Afrin hegoaldeko eta ekialdeko lur zati batzuk haien esku daude—. Miliziano kurduek aurre egin diete, eta turkiarrak erretiratu egin dira, iturri horren arabera.
Zibilen aurkako erasoak egitea eta haien artean izua eta beldurra zabaldu nahi izatea egotzi dio YPG/YPJk Turkiari. Eta zuzenean Errusia ere erantzule egin du. Haren soldaduak dira muga inguru horretan behatzaile gisa daudenak, eta eraso horiek errusiarren baimenik gabe egitea ezinezkoa litzatekeela esan dute kurduek. "Afringo eskualdean zibilak masakratzearen Turkiaren krimenaren bazkide da Errusia".
"Turkiak ezingo du gure borondate librea eta erresistentzia garaitu aireplanoekin", ohar egin dute milizia kurduen buruek: "Gure lurra eta jendea babesten jarraituko dugu faxismo turkiarraren kontra".