Roj Welat. KCK Kurdistango Herri Konfederazioko prentsa arduraduna

«Turkiak kurduen genozidio politikoa darama aurrera»

2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gaiztotuta dago Kurdistango egoera politikoa. Turkiaren operazio politikoek erdigunean hartu dute KCK Kurdistango Herri Konfederazioa, hain zuzen, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko talde armatuarekin duen ustezko loturagatik. Azken atxiloketen harira, kezkaturik azaldu da Roj Welat KCKko idazkaria. «Turkiak ez ditu operazioak geratuko, baina kurduek borrokan jarraituko dugu».

Atzo dozenaka lagun atxilotu zituzten. Zeintzuk dira atxilotuak?

Guk jakin dugunez, 47 pertsona atxilotu dituzte Istanbulen, Bursan eta beste hainbat hiritan. Atxilotuen artean, PKKko politikariak daude, baita BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurdukoak ere. Ez dakit non dauden orain, baina haien etxeetatik atera dituzte. Dena den, ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia; izan ere, Erdoganek kurduen aurka egindako errepresioak indarra hartu du azken hilabetean, eta atxiloketok Abdullah Ocalanen aurka egindako operazio politikoen barnean kokatzen dira.

Zein garrantzi du haien atxiloketak?

Alderdi politikoko kideakizatea garrantzitsua da, etengabeko operazioen jarraipena baitira. Kurduen auzi politikoaren aurkako eraso argia da, bertako politikariak etengabe atxilotzen ari baitira. Azken batean, Turkia genozidio politikoa egiten arida.

Zein arrazoi eman ditu Turkiak haiek atxilotzeko?

Poliziak dio KCK Kurdistango Herri Konfederazioa, nolabait, PKKren alderdi politikoa dela, eta horregatik, horrekin zerikusia duen edozein pertsona atxilotzen dute. Gainera, Turkiako lege batek baimentzen dio gobernuari haien aurka doan oro edota legeak zalantzan jartzen duen edonor atxilotzeko; terrorismoaren bultzatzatzailetzat hartzen dituzte pertsona horiek. Horregatik, gobernuak ez du arrazoi berezirik behar kurduak atxilotzeko.

Zein egoeratan dago uneotan Kurdistan?

Kurduen aurkako operazio militar eta politikoek aurrera darraite. Badirudi Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren gobernua lege berri bat osatzen ari dela; horren arabera, terrorismoaren bultzatzaileak atxilotzeaz gain, haien ondasunak ere konfiskatu ahal izango dituzte.

Turkiako estatua bere aurpegi faxistena erakusten ari da kurduen aurka. Ez dute orain arteko errepresioa geratuko; ez dirudi, behintzat, hori egiteko asmorik dutenik. Baina kurduek amaierara arte defendatuko dituzte haien eskubideak. Edozer egiteko prest daude gatazkari konponbide demokratiko eta baketsu bat bilatzeko.

Aldiz, Erdoganen gobernuak inoiz ez du kurduen inguruko auzia modu egokian konpontzeko irtenbiderik eman; promesak bai, promesak egin ditu, baina ez da ausartu Abdullah Ocalanekin eta PKKko ordezkariekin elkarrizketa izatera. Erdoganek ez du, beraz, gatazkari konponbiderik emateko borondaterik, eta horrek zaildu egin du prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.