Orain arte, Errusiaren —Baxar al-Assaden aliatua— eta Turkiaren —oposizioko indarrekin bat egin du— arteko elkarrizketek ez dute balio izan gatazka geldiarazteko. Bi aldeek atzo amaitu zuten bigarren bilera sorta, eta, adierazpen ofizialik egin ez bazuten ere, ez zuten adostasunik lortu, Ankararen esanetan. Horiek hala, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ohartarazi du «berehala» izan daitekeela Siriako armadaren aurkako operazioa Idliben.
«Atzerako kontaketa hasi dugu; azken ohartarazpenak egiten ari gara. Denbora gutxiko kontua da. Edozein gautan sar gaitezke», adierazi du estatuburuak. Ankarak lehendik ere ohartarazia zion Damaskori militarrak otsailaren amaierarako Idlibetik urrundu ezean eraso egingo ziela.
Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitry Peskovek Erdogani erantzun dio esanez Siriako armadaren aurka jotzen badu «testuingururik okerrenean» egongo direla. «Siriako legezko agintarien aurkako operazio bat da; hori da eduki genezakeen testuinguru okerrena».
Azken asteetan, Siriako armadak hainbat hiri eta errepide bereganatu ditu, tartean Saraqeb hiria, Damasko eta Alepo lotzen dituen M-5 autobidean kontrolatzeko geratzen zitzaion azkena. Hori egitearekin batera, baina, Turkiako soldaduen hamabi zaintza postuetatik lau inguratu dituzte. Mugimenduari erantzunez, Ankarak beste 150 gerra ibilgailu, tropak eta munizioa bidali zituen otsail hasieran Idlibeko kontrol guneetara.
Turkia prest da erasoaldia hasteko, eta Erdoganek ohartarazi du «kostua edozein dela ere» aurrera egingo dutela. Errusiak, bestalde, 2018ko hitzarmenean adostutakoa ez betetzea egozten dio Turkiari, eta, oposizioari ez ezik, harekin batera ari diren talde jihadisten alde ere aritzea.
Errefuxiatuen krisia
Idliben ehunka mila zibil daude harrapaturik, tartean Siriako beste zenbait lekutako milaka errefuxiatu. Horien egoera ilustratzen duen bideo bat bolo-bola zabaldu da azken orduetan sare sozialetan. Abdulla Mohammad errefuxiatuak egin du bideoa; horretan, 4 urteko Selva alabarekin ateratzen da. Bonbardaketak joko bat direla esan dio aitak haurrari, eta, leherketa bat gertatzen den bakoitzean, barre algarak egiten ditu neskatilak.
«Saiatzen ari naiz haurrak beldur izan ez dezan», esan dio Mohammadek Al Jazeera telebistari. Eid jai musulmanean bururatu zitzaion ideia aitari, auzoko haur batzuk txapliguak bota zituztenean. «Bonbardaketak hasi zirenean, haurrak zirela esan nion alabari». Errefuxiatu daude Mohammadtarrak Idliben, lagun batzuen etxean. «Ez dugu nora joan bestela».