Turkiak PKKren kontrako aire erasoak egin ditu

Turkiako Defentsa Ministerioaren arabera, 81 helburu suntsitu dituzte operazioan, "kobak eta babeslekuak" barne. Ez dute hildakorik aipatu.

Turkiako tanke militar bat. ERDEM SAHIN / EFE
2020ko ekainaren 15a
17:18
Entzun

Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi duenez, goizaldean aireko eraso militar bat egin dute Irakeko Kurdistanen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka. «Operazioan 81 helburu suntsitu dira; besteak beste, terroristen babeslekuak», jakinarazi dute.

Hulusi Akar Defentsa ministroa izan da operazioa gidatu duena, eta haren esanetan, beren herrialdeari jazarri eta erasotzeko asmoa zuten «terroristen kobak suntsitu dituzte», baita haien aterpeak ere. Hala, Turkiaren segurtasuna bermatzeko asmoa jarri dute erasoa egiteko argudio gisa: «Operazioa Turkiako herriaren eta herrialdearen mugen segurtasuna bermatzeko jarri da martxan, Poliziaren eta base militarren aurkako jazarpena eta eraso saiakerak areagotu dituzten PKK eta beste erakunde terrorista batzuk neutralizatuz».

Firat berri agentziak argitu duenaren arabera, erasoek errefuxiatuen kanpaleku bat eta ospitale bat ere bazituzten jomugan. Jakinarazi dutenez, Medya defentsa gunean, Maxurren eta Sinjarren egin dituzte bonbardaketak.

Hain zuzen, Maxmurreko iheslarien gunean 12.000 errefuxiatu kurdutik gora daude. 1998an ezarri zuten, Hego Kurdistan ofizialki amaitu eta Irak hasten den tokian, iparraldetik egotzitako kurduei aterpea emateko. Turkiako indar armatuek 90eko hamarkadan bortxaz hustutako herrietako biztanleak dira Maxmurko familia gehienak, baina badira gerora arrazoi politikoengatik errefuxiatutako beste asko ere. Gehienak PKK Kurdistango Langileen Alderdira lerratutako militanteak dira. Hango alkateak adierazi du erasoaldiak kanpalekutik 50 edo 100 metrora egin dituztela. Hildakorik egon ez den arren, erasoek «kalte material larriak» eragin dituztela ohartarazi du.

Bestalde, Nadia Mural ekintzaile yezidiak ere gogor gaitzetsi du geraturikoa. «Une honetan Sinjar mendia gerra eremua da. Irakeko Gobernuak eta nazioarteko komunitateak noiz aplikatuko dute kemen eta borondate politiko apur bat Sinjarreko segurtasun erronkak konpontzeko?».

Erasoaldiaren ondorioz, zaurituak izan dira, baina, oraingoz, ez dute hildakorik aipatu.

HPG, erasoen aurka

HPG Herriaren Defentsarako Indarrek Kurdistan hegoaldean egindako erasoak salatzeko komunikatu bat argitaratu dute. Esan dutenez, erasotu dituzten Maxmur eta Sinjar eskualdeetan ez zegoen gerrillari indarren mugimendu edo jarduerarik. Oldarraldiaren kontra agertu dira: «Eraso hauek ez dira ISISen pentsamolde genozidaren ezberdinak».

Horrez gainera, adierazi dute «estatu turkiar inbaditzaileak» sarraskiak estali nahi dituela, «euren lurrak eta autodefentsa indarrak babesten dituen biztanleria zibilaren aurkako erasoen inguruko egia desitxuratuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.