Hainbat atzerapenen ondotik, Turkian historikotzat jo duten prozesuaren epaia eman du Silivriko auzitegiak, eta Balyoz (mailutzarra) izenez bataiatu dute. 2003an estatu kolpe bat emateko konplota prestatu zutelakoan, 331 militar zigortu dituzte. Zigorrik gogorrena konspirazioaren buruzagi deklaratu dituzten hiru jeneralek jaso dute: hogei urteko espetxe zigorra bakoitzari. Bertze zazpi goi ofizial ohiri hemezortzina urteko espetxe zigorra ezarri diete, eta 214 akusatu gehiagori, hamaseinakoa. Auzipetutako bertze 34 absolbitu egin dituzte. 1960tik, armadak lau estatu kolpe eman ditu Turkian. Silivriko auzitegiaren epaia, ordea, mugarria izatea espero du botere zibilak, Turkiako armadak herrialdeko politika zuzendu eta baldintzatzeko izan duen eragina amaitzeko.
Epaiak frogatutzat eman du Cetin Dogan, Halil Ibrahim Firtina eta Ozden Ornek jeneral erretiratuak konplotaren buruzagi zirela, eta haiei ezarri die zigorrik gogorrena. Fiskalak bizi osoko espetxe zigorra eskatua zuen, baina epaileek hogei urtera murriztu diete, argudiatuta estatu kolpea ez zela gauzatu. Epaiaren arabera, frogatuta gelditu da zigortutako 330 militarrek 2003an AKP Justizia eta Garapena Alderdi islamistaren gobernua botatzeko Balyoz plana prestatu zutela. Bertan, militarrek herrialdean kaosa hedatzeko hainbat ekintza egiteko asmoa zuten: hilketak, atentatuak —Istanbulgo bi meskitatan lehergailuak paratzeko asmoa aipatzen da—, eta Greziarekin tentsio larria sortzea hegazkin militar bat botatzea leporatuz. Tribunalak ebatzi duenez, egoera nahasi horretan militarrek boterea hartzeko asmoa zuten, eta debekatu beharreko erakundeen eta atxilotu beharreko politikarien, kazetarien eta ekintzaileen «zerrenda beltzak» prestatuak zituzten.
Ariketa militar soila
Beren defentsan, militarrek erran dute Balyoz plana ez zela konplot bat, ariketa militar batzuetarako diseinatutako balizko egoera bat baizik. Doganek erran du epaiketa «bidegabea eta legearen aurkakoa» izan dela. Eta jeneral erretiratuak ondoko adierazpenean laburbildu du hamarkadetan armadaren eta erakunde zibilen artean egon den borroka ideologikoaren muina: «Hemen ikusi dugu prozesu hau hasi dutela Mustafa Kemalen soldaduek, bizitza eman dutenek herrialde honegatik, errepublika eta haren printzipioak defendatzeagatik ordain dezaten».
I. Mundu Gerra (1914-1919) galdu ondoren Otomandar Inperioa erori zenean, Mustafa Kemal izan zen Turkiako Errepublika diseinatu zuen buruzagi militar eta politikoa. Horregatik egin zen ezagun Ataturk izenarekin (Turkiarren aita). Bi oinarri nagusi zituen Ataturken proiektuak: nazionalismoa eta laikotasuna. Armada bihurtu zen errepublikaren zutabe nagusia, eta, Ataturk hil zenetik (1938), bere burua aldarrikatu du balio horien zaindari.
Hori dela eta, agintari zibilen jarduna Ataturkek ezarritako balioetatik aldendu dela iritzi dion aldioro, armadak esku hartu du politikan. 1960an, adibidez, estatu kolpea eman zuen, eta hauteskundeen bidez hautatutako gobernua eta parlamentua desegin zituen. 1971n eta 1997an, berriz, gobernua desegitera behartu zuen. Bi urte horien artean, 1980an, estatu kolpe gogorrena eman zuen armadak: 50 exekuzio, 300 lagun espetxean hilak, eta 650.000 atxilotu inguru. Orduko kolpetik bizirik dauden bi buruzagi militarren aurkako prozesua abian da iragan apiriletik.
Bi urteko prozesua
2003an, armadaren etsai politiko handienetako batek irabazi zituen hauteskundeak: islamismoak. Testuinguru horretan dago ustezko konplota. Balyozen lehen berriak 2010eko urtarrilaren 20an argitaratu zituen Taraf egunkariak, eta hurrengo egunean hasi zuen ikerketa Istanbulgo Fiskaltzak. Hilabetera, 40 militar eta militar ohi atxilotu zituzten; geroztik, hazi bertzerik ez zen egin akusatuen kopurua. Epaiketa hogei hilabetez luzatu da.
Armadaren eta AKPren azken krisi gogorra 2007an izan zen, militarrak Abdullah Gul presidentetzara ailegatzea oztopatzen saiatu zirelako. 2003tik, ordea, AKPk hauteskundeetan jaso duen sostengua hazi bertzerik ez da egin, 2011n ia %50era ailegatzeraino.
Turkiako 331 militar zigortu dituzte estatu kolpe bat prestatu zutelakoan
Auzitegi batek frogatutzat jo du 2003an konspirazio bat egin zutela islamistak gobernutik kentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu