Turkiako armadaren gerra hegazkinek berriz eraso diote Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK). Hirugarren eguna da Turkiako hegazkinek PKKri eraso diotena; iturri militarren arabera, 72 orduan 85 aldiz bonbardatu dituzte hainbat babesleku eta gerrillaren entrenamendurako zenbait eremu.
Azken asteetan istiluak izan dira Turkiako armadaren eta PKKren artean, eta bi astean 30 soldadu turkiar hil dituzte.
Turkiak egin dituen eraso gehienak Kandil inguruan izan dira, Iraken mendeko Kurdistanen. Armadaren arabera, "beharrezko neurriak" hartu dituzte zibilei kalterik ez egiteko. Asteazkenean erabaki zuen Turkiak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako politika gogortzea.