Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Turkiako Fiskaltzak HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren aurka egindako eskaria. Alderdi kurdua legez kanporatzea eta desegitea eskatzen du fiskaltzak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura duela argudiatuta, zeina erakunde terroristatzat hartzen baitu Turkiak. Fiskaltzak bigarrenez egin zuen zigor eskaera hori ekainaren 8an, aurrekoa baztertu egin baitzuen auzitegiak, nahikoa froga eta informazio aurkeztu ez zuela iritzita. Kontrakoa deliberatu du bigarrengoan, ordea, eta aho batez, gainera.
HDP «antidemokratikoa» dela argudiatu, eta haren jarduna debekatzeko 850 orri inguruko txosten bat aurkeztu zien Bekir Sahin fiskalak epaileei. Alderdiko 451 kideren jardun politikoa debekatzea eta alderdiaren kontu korronteak enbargatzea ere jasotzen zuen eskaerak, baina azken horiek ez ditu onartu Konstituzionalak, nahiz eta ziurtatu duen aurrerago aztertuko dituela.
Izan ere, baliteke alderdiaren aurkako behin-behineko neurriak hartzea auzitegiak, azken erabakiaren berri eman bitartean. Zenbait hedabideren arabera, litekeena da urtebete igarotzea epaia eman arte. Hamabost epaileren esku egongo da, eta horietatik hamarrek HDP desegitearen aldeko botoa ematea nahikoa litzateke hori gertatzeko. Epaimahaiaren barruan kontrako boto partikularrak lortzea izan daiteke alderdiko kideen itxaropena, baina, atzo guztiek akusazioa onartzearen alde egin zutela ikusita, ez dirudi haien artean desadostasunak sortzeko aukera handirik dagoenik. Hala ere, alderdia zigortzea erabakiko balute ere, baliteke desegiteraino ez iristera, eta bestelako neurriak aplikatzea; hala nola finantzaketa bideak kentzea edo publizitatea egiteko debekua jartzea.
Oraingoz, gaur onartutako akusazioaren gaineko defentsa prestatzeari ekin beharko dio HDPk. Mithat Sancarrek, alderdiko presidenteetako batek, azpimarratu du alderdiak eta haren abokatuak «ahalik eta defentsarik indartsuena» egingo dutela, baina gogorarazi du auzi honen «abokatu nagusia herria» dela, eta, batez ere, «herri kurdua». Erasoa hari bideratua dagoela azpimarratu du, baina zehaztuz «demokraziarako itxaropena» duen orori ere egiten diola eraso. Horregatik, aldarrikatu du auziak «Turkiako herri guztien borroka» bateratzeko balio behar duela.
Kanpaina politikoaren parte
Sancarrek irmo gaitzetsi du Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, baina handik kanpo kokatu du auziaren sorburua, eta «hilabete askotako kanpaina politiko baten» parte dela nabarmendu du. Gobernuan dagoen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdia eta MHP Mugimendu Nazionalista eskuin muturreko alderdia egin ditu erantzule. «Mehatxu eta xantaia kanpaina oso bat diseinatu dute, eta kanpaina hori dago fiskaltzak aurkeztutako akusazioaren atzean», adierazi du. Bi alderdi horiek auzitegiei presio egin dietela salatzeaz gain, arbuiatu du fiskaltzarekin eskuz esku aritu direla: «Dudarik gabe, kasu honetako fiskala ez da Kasazio Auzitegiko Fiskal Nagusia. Akusazio hau MHPren egoitza nagusian prestatu zuten, presidentearen jauregian amaitu zuten, eta, gero, fiskaltzari helarazi zitzaion». Auziaren «izaera politikoa» agerian uzten du horrek, Sancarren arabera.
Alderdiko presidenteak uste du HDP jazartzeko ekinbide politikoak eta juridikoak martxan direla, eta kanpaina horren ondorio dela joan den astean Izmir hiriko egoitza batean izandako erasoa. Gizon batek eraikinari su eman, eta tiro egin zien gero barruan zeudenei. Bertan lan egiten zuen pertsona bat hil zuen, tirokatuta.