Hauteskundeak egin bitartean behin-behineko gobernu bat osatuko dute, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi duenez. Datorren astean, Erdoganek Ahmet Davutoglu lehen ministroari eskatuko dio behin-behineko gobernu hori osa dezala.
Ekainaren 7an egin zituzten hauteskundeak Turkian, eta AKP Justizia eta Garapena Alderdia izan zen boto gehien bildu zituen indarra; 2002. urtetik zuen gehiengo absolutua galduta, ordea. Harrezkero, datorren igandera arteko epea izan du gobernukide bat topatzeko, baina negoziazioetan, Davutoglu ez da gai izan gobernukide bat topatzeko.
Denbora horretan, Kurdistango bake prozesua hankaz gora jarri eta Siriako gerran esku hartzea areagotu du jarduneko gobernuak, eta oposizioak leporatu dio gehiengo osoa berreskuratzeko herrialdea ezegonkortzea.
Parlamentuaren hiru bostenen babesa beharrezkoa zuen Erdoganek ekaineko bozetan konstituzioa aldatu eta presidenteari botere eragile gehiago emateko. Boto gehien lortu zuen alderdia izan arren, kopuru horretatik urrun geratu zen AKP —330 diputatu behar zituen, eta 258 eskuratu zituen—. Hein handi batean, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren erruz, boto gehien lortutako Kurdistango alderdia izan baitzen, eta 80 diputatu eskuratu zituen.