Turkiako Gobernua armadarekin bildu da goi karguak adosteko

Armadako buruak eta hiru buruzagik dimisioa eman zuten ostiralean; postu horietan zein jarri erabaki beharko dute

2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Turkiako Gobernua atzo biltzekoa zen armadako buruekin, joan den ostiralean lau goi kargudunek dimisioa eman ondoren libre geratu diren postuak zeini eman erabakitzeko. Ezusterik ezean, ostegunean amaituko dituzte bilerak, eta hartutako erabakia presidenteari jakinaraziko diote, hark baiezkoa eman diezaien. Lan zaila izango dute; izan ere, aurreko astean dimisioa eman zutenak eta auzipetuta dauden militarrak kontuan izanik, apenas geratzen den goi karguak hartzeko adinako maila duen militarrik.

Ostiralean Isik Kosaner armadako buruak eta beste hiru goi kargudunek —lurreko, aireko eta itsasoko armaden buruek— eman zuten dimisioa Recep Tajip Erdogan lehen ministroarekin dituzten desadostasunak direla eta. Erdoganek betoa ezarri die hamazazpi militarri 2003ko ustezko estatu kolpe saioaren harira inputaturik daudelako —250 militar atxiloaldi prebentiboan daude kausa beragatik—, eta armada neurri horren kontra agertu da. Horrez gain, ostiralean bertan 22militar atxilotzeko agindua eman zuen Turkiak, «gobernuaren aurkako propaganda» egitea egotzita. Erabaki horrek bultzatu ditu Kosaner eta beste hirurak kargua uztera; «herritarrei erakunde kriminala garela sinestaraztea da atxiloketen helburu nagusia», adierazi zuen Kosanerrek. Guztira, armadako buruzagien ehuneko hamarra atxilotuta edo inputatuta dago.

Oraingoz, lurreko armadaren burua baino ez dute izendatu. Necdet Ozeli eman zioten kargua ostiralean bertan, besteek dimisioa aurkeztu bezain laster. Jendarmeriako burua zen Ozel, Erdoganen konfiantzakoa eta goi kargudunen artean dimisioa eman ez duen bakarra. Aste honetako bileren ostean Ozel armadako buru izendatzea espero da. Hala, askoren ustez Erdogani ondo etorri zaio goi kargudunen dimisioa, kargu horietan hari komeni zaizkion militarrak jarri eta armadaren gaineko kontrola handitzeko.

Armadaren botere galera

Turkiako armadak indar handia eduki du historian, bai nazioartean —NATOko bigarren armada handiena da— bai herrialdean bertan. Lau gobernu desegin dituzte estatu kolpea emanda—1960, 1971, 1980 eta 1997an—, haien esanetan, laizismoa babesteko. AKP Erdoganen alderdia 2002an boterera iritsi arte, inpunitate osoa zuten militar horiek. AKPk, ordea, hainbat aldaketa egin ditu konstituzioan. Joan den irailean militarren zigorgabetasunarekin amaitzeko lege aldaketa egin zuten, eta orain epaitegi zibiletan epaitu ditzakete militarrak.

Lehen zuten boterea galtzen ari direla ikusita, aurretik ere goi kargudunek dimisioarekin mehatxu egin zuten; otsailean, 163 militar atxiloaldi prebentiboan jarri zituztenean, eta maiatzean, Bilgin Banali atxilotu zutenean —orain arte espetxeratu dituzten militarren artean kargurik gorena zuen Banalik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.