Turkiako Gobernua gogortzen ari da kurduen aurkako jazarpena

Autobus baten aurkako erasoan hiru lagun hil dira; Poliziaren eta manifestari kurduen artean liskarrak izan dira

Erredakzioa
2006ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren amaieran, Turkiaren menpeko Kurdistanen piztu den indarkeria oldea Istanbulera hedatu da azken egunotan. Dagoeneko hogeita hamar bat lagun hil dira Turkiako Armadaren eta PKK gerrilla kurduaren arteko borroketan, kale protestaldietan, edo atentatuetan. Turkiako hiri handien Istanbulera zabaldu da jazarraldia eta joan den aste amaieran, lau lagunek bizia galdu dute indarkerietan.

Kurdu asko bizi diren Istanbulgo Bagcilar eta Gazi auzuneetan borroka gogorrak piztu ziren larunbat arratsean Poliziaren eta ehunkamanifestari gazteren artean. Poliziaren arabera, une batean, manifestariek molotov koktelak jaurti zituzten autobus baten kontra. Lehergailuek sutea eragin zuten ibilgailuan. Horren ondorioz, autobuseko gidaria kontrola galdu, bidetik irten eta espaloian sartu zen, bete-betean. Autobusak han zeuden hiru emakume harrapatu zituen. Haietako bat, 62 urtekoa, orduantxe hil zen. Beste biak, 19 eta 23 urtekoak, ospitalean zendu ziren geroago.Bere 12 milioi bizilagunekin Turkiako hiri jendetsuena den Istanbulen pertsona bat hil zen eta beste 11 zauritu, ostiralean, zakarrontzi batean ezkutatua izan zen lehergailu batek eztanda egin ondoren. Atentatu hau KLH Kurdistan Askatzeko Belatzak talde armatuak bere gain hartu zuen. Turkiako Polizia Kurdistanen erasoen erantzuna zela azaldu zuen talde armatu kurduak. Joan den martxoaren 28an, Turkiaren menpeko Kurdistango hiriburu Diyarbakirren piztu ziren liskarren ondorioz, gutxienez 12 lagun hil dira, hauen artean hiru haur.Borroka hauetan ere, 360pertsona zauritu dira, hauetatik 200 Turkiako poliziak direla. Ankarako gobernuaren manuetarako segurtasun indarrek, bestalde, 566 herritar atxilotu dituzte eta horietarik 354 giltzapetuak izan dira.Indarkeria olde hau, joan den martxoaren 28an piztu zen Diyarbakir Kurdistango hiri nagusian, PKKKurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduko 14 kideren hileta egunean. Gerrillari hauek aurreko egunetan hil ziren Turkiako segurtasun indarrekin izandako gudukaldietan. PKK-ko gudukarien ehorzketen ostean, borrokak hasi ziren Turkiako Poliziaren eta manifestari kurduen artean.Diyarbakirren gertatutako borrokaldietan bederatzi lagunek bizia galdu dute,gobernariaren zerbitzuek atzo emandako balantzearen arabera. Izan ere, aurretik zenbatu ziren zazpi hildakoei, beste bi gehitu dira, 78 urteko gizonezko bat eta 19 urteko gazte bat zendu baitira igande gauean, borroketan jasandako zaurien ondorioz.Diyarbakirren hildako zazpi lagunez gain, bi pertsonak bizia galdu zuten Kiziltepe hirian izandakoborroketan eta beste batek Batman hirian gertatutakoetan. Diyarbakirko gobernariaren arabera, Turkiako Poliziarekin borrokan aritu diren manifestari kurduen artean, %80 haurrak ziren. Hiriko alkate Osman Baydemirrek indarkeriak gelditzeko dei egin ondoren, egoera apur bat baretu zen atzo. Liskarrak gertatu ziren, aitzitik, Siriarekiko mugaldean kokatuak dauden Kiziltepe, Nusaybin eta Viransehir hirietan. Azken honetan, esaterako, manifestariek molotov koktelak eta harriak jaurti zituzten Turkiako polizien aurka eta hauek erantzun zuten negar gasa botata.

Erdogan, tinko eta gogor

Kurduen jazarraldia Istanbulera hedatzeak kezkatuta, premiazko bilera bat egin zuen atzo Turkiako Gobernuak. Gaur, aldiz, egoera hizpide izango da Ankarako Legebiltzarrean. Anartean, Turkiako lehen ministro Recep Tayip Erdoganek gogor erantzuteko asmoari berretsi dio. Indarkerien erantzukizuna PKKri eta erakundearen jarraitzaileei egotzita, hauxe esan zuen atzo Turkiako gobernuburuak: «Inork uste badu PKKren aurrean burua makurtuko dugula, alferrik itxarongo du, horrelakorik ez baita inoiz gertatuko».

PKK sortzaile eta buruzagi Abdula Ocalanek irtenbide negoziatu baterako urratsak egiteko deia egin dio Ankarari. Irlandan eta Euskal Herrian gertatutakoak eredutzat harturik. Ocalanek Espainiako Gobernuko presidente «Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin hitz egiteko» eskatu zion Turkiako lehen ministroari. «Erdoganek behar lizkioke berak egindako urratsez argibideak eskatu Zapaterori; gure aldetik, ETAk edo IRAk bultzatutakoaren antzeko zerbaiterako prest ginateke», esan zuen Ocalanek, Imrali uharte-espetxetik egindako adierazpenetan. Indarkeria gelditzeko deia egin zuen, halaber, Kurdistango mugimendu politiko nagusi DTP Gizarte Demokratiko baterako Alderdiak. Kurdistango nazio eskubideen aldeko jarrerak aldarrikatzeagatik 10 urteko espetxe zigorra eman zioten Leyla Zana andereak eratutako indar politiko honen burukide Ahmet Turkek hauxe esan zuen atzo: «Gure herritar guztiei eskatzen diegu indarkeria ekiditeko, zeren eta bortizki jokatzeak gogorkeria gehiago eragiten baitu». DTPko buruak Ankarako gobernuari ere dei egin zion kurduen eskubideak azkeneanonartzeko. «Nola pentsa daiteke arazoa konpontzea, egurra emanda, edo jendea isiltasunera behartzearekin», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.