Turkiako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, ez ditu Istanbulgo Gezi parkeko urbanizazio lanak hasiko, epaitegiek erabaki arte jada parkean abiatutako lanak eten edo ez.
Epaileek oniritzia ematen badiete urbanizazio asmoei, gobernuak galdeketa bat antolatzeko asmoa duela adierazi du gobernua osatzen duen AKP alderdiko bozeramaile Huseyin Celikek.
Atzo iluntzean bildu ziren Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa eta Taksimekin Elkartasuna plataformako ordezkariak. Ohar batean, plataformak adierazi zuen Erdoganek haien eskaerak entzun zituela eta agindu diela ez duela lanekin jarraituko epaitegiek erabaki bat hartu arte.
Halaber, Erdoganek jakinarazi zien gobernuak ikerketa bat abiatu duela poliziek protesten aurrean erabilitako indarkeriaren inguruan.
"Era positiboan erantzungo diogu [gobernuaren] jarrera positibo horri", gaineratu du plataformak.