Mustafa Kemal Ataturk-ek sortutako errepublikaren balio laikoen bermatzailetzat du bere burua armadak Turkian. Hori horrela, agintari zibilak balio horietatik urrundu direla iruditu izan zaien bakoitzean, militarrek esku hartu dute herrialdearen gidaritzan. Azken mende erdian lau aldiz gertatu da hori, hain justu. Baina guztietan sonatuena 1980ko estatu kolpea izan zen, bereziki odoltsua izan zelako, eta gaurdaino iraun duen konstituzioa idatzi eta onartu zutelako orduan militarrek. «Herrialdeko demokrazia berriro eraiki eta hobetzeko gaude hemen, funtzionatzeari utzi baitio», esan zuen kolpisten buruak agintea hartu eta berehala. Atzo, estatu kolpea zuzendu zuten bost buruzagietatik bi epaitzen hasi ziren, bizirik dauden bakarrak: Kenan Evren eta Tahsin Sahinkaya.
Epaiketa sinbolikoa da, duten adinagatik —94 urte Evrenek eta 86 Sahinkayak— eta osasun arazoengatik espetxea saihestu ahal izango dutela baitiote adituek. Hori horrela, ziurrenera zigorrik jasoko ez badute ere, herrialdean ikusmin handia sortu du epaiketak. Atzo, ehunka lagun bildu ziren Ankaran auzitegiaren kanpoaldean justizia eskatzeko. Ezkerreko alderdien jarraitzaileak elkartu ziren batik bat protesta egiteko, biktimak eta biktimen senideak horietako asko. Estatu kolpean parte hartu duten beste buruzagi batzuk ere epaitzeko eskatu dute, besteak beste. Biktima askok, hain justu, epaiketa fartsa bat dela diote. «Ez dut uste bi gizon zahar horiek epaitzeak ezer aldatuko duenik. Guretzat, biktimontzat, garrantzitsuena garai hartako arrastoak ezabatzea da, eta sistema demokratikoa ezartzea. Eta hori ez da gertatu», kritikatu du Niyazi Dalyancik.
Turkiako Errepublikako Legebiltzarra indarrez desegitea eta gobernua indarrez kanporatzea leporatu diete biei, eta fiskalak bizi guztiko kartzela zigorra eskatu du bi jeneral erretiratuentzat.
Evren izan zen jazarraldiaren buruzagia, eta, gerora, 1982tik 1989ra herrialdeko presidente ere izan zen. Ez du egindakoaz damurik agertu, eta behin baino gehiagotan adierazi du egoera berean berriz ere estatu kolpea emango lukeela. Izan ere, ekintza armatuari esker muturreko eskuindarren eta ezkertiarren arteko indarkeria amaitu zutela dio, eta esku hartu izan ez balute herrialdeak gerra zibila jasateko arriskua zuela esanez arrazoitu izan du jazarraldia. 2010ean esan zuen epaitua izan baino nahiago zuela bere buruaz beste egin.
Estatu kolpearen ondoren 650.000 lagun inguru atxilotu zituzten, eta horietatik asko eta asko torturatu egin zituzten. 50 lagun exekutatu zituzten, eta beste 300 espetxean hil ziren. 1.683.000 lagun «kriminal posibleak» ziren kolpistentzat. Biktimek gehiegikeria ugari salatu dituzte.
Immunitatea galduta
«Epaiketa hau mugarria da Turkiako demokraziarentzat», esan du agintean den AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko Selcuk Ozdagek. Abdullah Gul Turkiako presidenteak epaiketaren garrantzia nabarmendu du: «Mentalitate aldaketa ekarriko du, eta etorkizunean ez da beste estatu kolperik izango». Ozdagek dio, gainera, gobernuaren nahiaren emaitza izan dela. Izan ere, 2010ean, estatu kolpea jazo eta 30 urtera, AKPk konstituzioan hainbat aldaketa bultzatu zituen, tartean kolpistei immunitatea bermatzen zien 15. artikulua kentzea.
Estatu kolpearen ondoren idatzi zuten konstituzioa militarrek, eta 1982an onartu zuten erreferendum bidez, bozen %92rekin. Herritar askok baiezkoa beldurraren eraginez eman zutela diote adituek. Evrenen abokatu Bulent Hayri Acak, hain zuzen, konstituzioari eutsi dio bezeroa defendatzeko. «1980ko irailaren 12an gertatu zena estatu kolpe bat da, baina auzitegi honek ez dauka hori epaitzeko eskumenik, herriak onartutako konstituzioak 1980tik 1983 bitartean gertatutakoa babesten baitu». Epaileek ez dute defentsaren helegitea onartu.
Biktimen abokatuek, berriz, atxiloaldi prebentiboa eskatu dute akusatuentzat , epaiketara azaltzera behartzeko. Dena den, epaileak atzo ebatzi zuen Evren eta Sahinkaya auzitegian egon gabe ezin zuela akusazio agiria irakurri.
AKP eta armada
Armadaren eta AKPren arteko harremana gatazkatsua izan da hasieratik, militar askoren ustez alderdi islamistak kolokan jartzen baititu herrialdearen balio laikoak. 2007an Gul presidentetzara ailegatzea saihestu nahi izan zuen armadak, baina ez zuen helburua lortu. Ondoren, AKP legez kanporatzeko fiskal nagusiaren ahalegina babestu zuten militarrek.
AKPk, berriz, gogor erantzun die armadaren erasoei. 2004an Segurtasun Kontseilu Nazionala berritu zuen. Hori horrela, lehen armada nagusi zen organoankontsulta izaera baizik ez du orain. Ergenekon Auzia izan da, dena den, armadak jaso duen kolperik gogorrena. Ustez gobernua kanporatzeko konplot batean parte hartzeagatik hainbat militar ikertzen ari dira.
Turkian 1980ko estatu kolpeko bi buruzagi epaitzen hasi dira
Jeneral erretiratuak ez dira auzitegira azaldu osasun arazoak argudiatuta; milaka herritarrek justizia eskatu dute kanpoanEpaiketa historikotzat jo du AKPk; biktima askok, berriz, fartsa bat dela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu