EUROPAKO BATASUNA

Turkiarekin negoziazioak hasteko eskatu du Europako Legebiltzarrak

Ankararen berezko ezaugarriek eragin ditzaketen ondorioez kezka ugari daude oraino

Kristina Berasain Tristan.
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kezkak, arriskuak, estereotipoak, aurriritziak... Europa ekialdeko muturrean dagoen herrialdea europarren artean hizpide hartzean sortzen diren kontzeptuak dira. Turkian, estatu laikoa izaki, musulmanak nagusi izatea; herrialde populatuena izatea; leku estrategikoan egotea; ekonomiaren egoera makala izatea; giza eskubideen urraketak egitea; demokraziaren zalantzagarritasuna; eta, immigrazioa erruz areagotzeko arriskua dira, besteak beste, kezka, estereotipo eta aurriritzi horien iturri. Mendebaldeak eta Ekialdeak bat egiten duten herrialdea da Turkia eta Ankararen berezko ezaugarriek eragin ditzaketen ondorioez beldurra dago oraino. Inoiz bat eginez gero, ekarpen ugari egiten ahal dizkiote elkarri, baina aldeko eta kontrako interesezko arrazoiek zalantzak eragiten dituzte agintari eta herritarren artean.

Ezagutzen ez dutenari beldurra galtzeko eskatu zien atzo eurodiputatuei Europako Legebiltzarreko presidente Josep Borrellek: «Guretzako ezezaguna den edozerk sorrarazten digun beldurraren kontra borrokatu behar gara. Horixe da elkar ezagutzeko eta dauden klixeei eta gaizki-ulertzeei amaiera emateko modu bakarra».EB Europako Batasunean sartu ahal izateko negozioazioak abiatzeko, ildo horretan, inoizko baldintza kopuru handiena ezarri diote Turkiari. Europako Batasunean sartzeko aurreneko eskaera egin eta berrogeita bost urte geroago, dena den, herrialdeko elite politiko eta ekonomikoen ametsa errealitate bihurtzeko aukera inoiz baino eskurago dago orain. «Behin eta berriz agerian jarri dugu etxeko lanak egiteko gai garela; orain bere lana bete behar du Europak». Turkiako Atzerri ministro Abdula Gulen esaldia da. EBk bere lana betetzeko prest dagoen edo ez erabaki beharko dute bihar hogeita bost herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek. Bi egun dituzte erabakia hartzeko. Bruselan gaur abiatu eta ostiralean amaituko den goi bileran erantzun beharko diote, hain zuzen ere, atzo eurodiputatuek egindako eskaerari. Ankararekin negoziazioak abiatzeko eskatu zien atzo Europako Legebiltzarrak. Bozketak aldeko 407 boto eta kontrako 262 jaso zituen. Beste 29 eurodiputatu abstenitu egin ziren.

Gizartearen baitan dagoen eztabaidaren, beldurraren eta kontrako iritzien isla izan zen eurodiputatuen boza. Tartean polemika iturri izan den eskaera egon zen. EPP Europako Alderdi Popularreko Michael Ebner eta Michael Gahler eurodiputatu alemaniarrek bi emendakin sekretupean bozkatu ahal izateko behar adinako sostengua lortu zuten 147 sinadura. Eurodiputatuek, hartara, euren iritzi pertsonala aintzat hartuz eta ez alderdien edo agintarien presiopean bozkatzen ahal zutela iritzi zioten. Legebiltzarreko beste alderdi guztiak neurri horren kontra agertu ziren. Berdeek «arrazistatzat» jo zuten neurria. «Turkiaz benetan pentsatzen dena esateko ausardia behar da; izan ere, hedapenean ez sartzeko aipatzen diren arrazoi kulturalez gain, arrazoi arrazistak ere badaudela uste dut», esan zuen Daniel Cohn-Benditek.Bozketa sekretupean egiteko arriskuez ohartarazi zuten ezkerreko eurodiputatuek herritarrek euren boza ezagutzeko eskubidea dutela argudiatuz. Eurodiputatuak, alta, sekretupean bozkatu ziren bi emendakinen kontra agertu ziren. Aurrenekoan herrialdea kide oso ez izatea aldarrikatzen zen eta bigarrenean, berriz, hedapena ez beste alternatiba bat eratzea, herrialdearekin harreman berezia hitzartzea, alegia.Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek «dena» edo «ezer ez» nahi zutela jakinarazi zuen atzo. Gaur azken hitza izango duten estatuburu eta gobernuburuei «akats historikorik» ez egiteko ohartarazi zien: «Ez dugu kide oso izatea ez den beste aukerarik onartuko. EBri dagokio orain bere erantzukizunak hartzea». Denbora batez etorkin turkiarren kopurua mugatzeko aukera ere salatu zuen agintariak: «Inongo beste herrialderi ez zaizkio guri bezainbeste muga ezarri».Armenian genozidioa egin zela onartzeko eta bi herrialdeen arteko mugak irekitzeko eskatu zioten, berriz, agintariarieurodiputatuek.

Arriskuak eta aukerak

Ekialdera hurbiltzeak arriskuak eta aukerak sorrarazten ditu Europan eta, ondorioz, bat egitearen aldeko eta kontrako argudioak. Kaukaso, Ekialde Hurbila eta Balkanetako egoera egonkortzea, leku estrategiko bat bereganatzea, barne produktu gordina handitzea, merkatu handiago bat eratzea, kultur ondasuna aberastea, demokraziaren bidean aurrera egitea eta turkiarren lan baldintzak duinak izatea dira aipatzen diren aukerak. Europa islamizatuko den beldurra, zibilizazioen talka sorraraztea, erakundeetan boterea galtzea, hedapenerako aurreikusi diren gastuak eta giza eskubideen urraketa areagotzea dira, berriz, arriskuak.

Turkiako Finantza ministro ohi Ziya Muezzinogluk horrela laburbildu zuen: «Turkiak Europa behar du erreformen programak aurrera egin dezan eta Europak Turkia behar du bere nortasun anitza osatzeko». Prozesua «luzea, zaila eta irekia» izango dela esatean bat datoz agintari guztiak. Azken urteotan egin dituzten erreforma sakonek negozioazioak abiatzeko aukera eman dutela ez dute ukatzen. Horrek, ordea, ez duela zertan Europako Batasunean sartzea ekarriko zehazten dute. Giza eskubideak urratzen baldin badira edo orain arte ezarritako baldintzak betetzen ez badira, negozioazioak bertan behera geldituko direla ohartarazi diote Ankarari. Ekialdera hurbiltzeko pausoa, beraz, urrun dago oraindik. Baikorrenak 2014. urteaz mintzatzen dira.

-

Kronologia





1959: Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartzeko eskaera egin zuen Turkiak.

1963: Merkataritza eta ekonomia arloko harremanak sendotzeko akordio bat sinatu zuen. Akordioaren hitzaurreak bat egiteko aukera jasotzen zuen.

1974: Turkiako Armadak Zipreko iparraldea okupatu zuen.

1980: Estatu kolpea. EEEk Ankararekiko harremanak eten egin zituen.

1983: Erregimen militarra bertan behera geratu zen.

1987: EEEn sartzeko eskaria egin zuen Ankarak. Bi urte geroago, eskaria baztertu zuen EEEk, arrazoi ekonomiko eta politikoengatik.

1997: EBk bat egiteko aukera onartu zion, baina negoziazioak hastea baztertu zuen.

2002: Erreforma prozesuan irmo jarraitzea gomendatu zion EBk. Kopenhageko Kriterioak betez gero, 2004ko abenduko goi bileran negoziazioak hasteko data jarriko ziotela agindu zion.

2004ko urria: Europako Batzordeak negoziazioak hastea aholkatu zuen.

2004ko abendua: Europako Legebiltzarrak negoziazioak hasteko argi berdea eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.