"Ez da nahikoa". Hitz horiekin deskribatu du NBEren Errefuxiatuentzako ordezkari bereziak Turkiaren eta Europako Batasunaren arteko akordioa. Filippo Grandiren esanetan, hitzarmenak lagunduko badu herrialde gehiagoren artean partekatu beharko litzateke iheslariak hartzeko erantzukizuna. "Iaz asilo eskatu zuten 20 milioi iheslarietatik soilik %1ek lortu zuen aterpea".
Bestalde, Grandik ohartarazi du iheslariena mundu mailako arazoa dela, eta ez soilik gatazka gune jakin batzuetakoa. "Mundu mailako arazoa da, eta mundu mailako irtenbidea eman behar diogu. Iheslariak toki jakin batzuetan pilatzera mugatzen bagara, toki horietan haienganako gorrotoa sustatuko dugu, eta horrek gatazka gehiago eragingo ditu", adierazi du NBEren ordezkari bereziak.
Iaz Europako herrialderen batean asiloa eskatu zuten 1,2 milioi pertsonetatik gehienak Siria, Irak eta Afganistandik etorritakoak ziren; eta horietatik heren batek Alemanian eskatu zuten aterpe. Aurten nanarmen jaitsi da kontinentera sartu diren iheslarien kopurua, ez haien asmoak aldatu direlako, hainbat estatuk mugak itxi dituztelako baizik. Horretaz gain, Bruselak eta Ankarak hitzartutako akordioak ere harrapatuta utzi ditu milaka lagun. Akordio horren arabera, martxoaren 20tik aurrera paperik gabe Greziara heltzen den iheslari oro Turkiara kanporatuko dute, baldin eta Grezian bertan asiloa ematen ez badiete.