PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiko gerrillariek gogor jo dute Turkia: kurduek 1990eko hamarkadatik egin duten erasorik indartsuenarekin erantzun dieteazkenaldian Ankara egiten ari den erasoaldiei. Orduan, autobus militar bat geldiarazi, eta 33 kide hil zituzten ekintzaileek. Oraingoan, berriz, hildakoak 24 militar izan dira gutxienez, eta 18 zauritu, armadaren zenbakien arabera. Gerrilarriek Firat agentziaren bidez kaleratu duten komunikatuan, berriz, gutxienez 100 soldadu, polizia eta segurtasun indarretako kide hil dituztela esan dute. Hala balitz, orain arteko ekintzarik gogorrena litzateke. Kopuruaren dantza nabarmena bada ere, ekintzaren garrantzia agerian geratu da armadaren berehalako erantzunarekin eta gobernuaren erreakzioarekin: gogorrak horiek ere.
Hakkari probintzian gertatu da, Turkiako armadak kurduen kontrako estrategia bideratzen duen gunean, Irakekin partekatzen duen mugan ia-ia. Iraken menpeko lurretan gutxienez 15 ekintzaile hil dituztela esan dute militarrek, baina horiek ekintza horren erantzuna besterik ez dira izan, hiltzen jarraituko dutela nabarmen esan dute eta. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak argi eta garbi hitz egin du: «Herri honetako lurretan ez dugu milimetro bat ere atzera egingo. Etsaiak ere jakin behar du hori». Herenegun gauean ekin zuten guztiek «hil behar» dutela uste du, baina ez hori bakarrik: «Mendekua handia eta era askotakoa» izango da. Abdulla Gul presidenteak, lehen ministroak bezala, erabakitasunez hitz egin du, denek ulertzeko moduan: «PKK amaitzeko estrategia ez dago geratzerik amaierara arte».
Gau eta goiz bizi-biziak
Hainbat postu militarren kontrako ekintza koordinatua izan da gerrillariena, Poliziaren iturriek esandakoaren arabera. Herenegun gauerdian hasi, eta bost ordu baino gehiago jo eta su aritu ziren. Hango kazetari batek kontatu duenaren arabera, ehun gerrillarik baino gehiagok zortzi posturen kontra egin zuten, eta Turkiaren aldera sartu ziren leku beretik ihes egin zuten Irakeko aldera, atzoko 05:00 pasatxo. Haien atzetik igaro zuten muga militarrek, eta orduan hil zituzten ekintzaileetako asko, armadaren arabera. Goizean goizetik, ordea, ehunka soldaduk, 500 baino gehiagok, Irakeko mugatik kilometro batzutara hasia zuten «jarraipen beroa». Airez eta lurrez erantzuten ari da armada.
Joan den ekainetik, hauteskundeak igaro ondorenean, Ankarak gogortu egin du kurduen kontrako jarrera; militarra eta politikoa. Militarrean Turkiak Irakekin kurduen lurretan sartzeko egindako akordioa forma hartzen ari da. PKKren gotorlekuak lehertzeko aitzakiarekin aspaldian gogortu ditu erasoak Erdoganen gobernuak.
Abuztuan «pazientzia amaitu» zitzaiola esan zuen, hegazkin turkiarrek PKK-ko ustezko baseei eraso egin baino lehen. Egun batzuk iraun zuten bonbardaketek, eta hasiera baino ez zela aurreratu zuen. Ordutik maiz egin dituzte erasoak. Orain, berriz, estrategia erabat marrazturik, Erdoganek iragarritako gerraren preludioa amaitu da. «Borrokak aurrera jarraituko du. Edozer gauza egingo dugu lana amaitzeko», aurreikusi du Gulek. «Umeak, irakasleak eta ingenieriak hiltzeko gaitasuna duten guztiek hiltzea merezi dute», Erdoganen hitzetan, PKK-k egindako hainbat ekintza gogoan, eta ez hori bakarrik: «PKK babesten duten guztiek ordainduko dute». Estrategiaren barruan sartzen dira airez erasoak, lurretik ere bai, elite taldeen ekintzak, eta Hakkarin bereziki militar eta polizia gehiago jartzea.
Egunotan hainbat herri biztanlez hustuz joan dira militarrak, eta eremu bat prestatzen ari dira etxetik atera eta norabaitera joan daitezen. Erdoganek hitz egin duenean, zibilak handik ateratzen ari dela nabarmenduz, ziurtatu du hori dela bidea: «Terrorismoaren benetako arazoari eman beharreko erantzuna giza eskubideak bermatzea da».
Ekintzok, ordea, giza eskubideen errespetuarekin zerikusi gutxi dute, kurduen ustez, haienganako jazarpena egunerokoa baita, izan PKK-koa edo ez. Ekainetik, 50 bat militar, PKK-ko askoz gehiago eta zibilak ere mordoska hil dira, baina, horrez gainera, Kurdistan politikoki eta kulturalki aldarrikatzen duten kurduak atxilotzen ari dira barra-barra; ikasleak, diputatuak eta alkateak ere bai.
Aste honetan bertan bakarrik78 lagun atxilotu dituzte KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren aurkako operazioaren barruan —2009an abiatu zuten—. Erakundeetako ordezkariak, alderdiak, eragileak eta norbanakoak biltzen ditu KCK-k. Duela bi aste beste 130 pertsona atxilotu zituzten, eta hainbat prozesu judizial zabalik daude, horietan handiena, 151 politikariren eta ekintzaileren kontra egiten ari direna, Diyarbakirren.
Konstituzioa
PKKren ekintza Turkiako Legebiltzarreko batzordeak Konstituzio berria idazteko prozesua hasi behar zuen egun berean gertatzea ez da kasualitatea, Recep Tayyip Erdoganentzat. 1982an Junta Militarrak egindakoaren ordezkoa «zibila eta demokratikoa» izango da, baina kurduek ez dute hori nahi, lehen ministroaren arabera.
Haiei galdetuz gero, nahi ez dutenada Erdoganek diseinatu nahi duen Konstituzioa, aldarrikatzen duten autonomia jasotzeko asmorik ez baitago. Legebiltzarreko bozak AKP Erdoganen alderdiak erraz irabazi zituen, baina ez berak bakarrik Konstituzioa egiteko moduan, eta horrekgainerako alderdiekin hitzartzera behartzen du, besteak beste, BDP kurduen alderdiarekin.
Hauteskundeen ostean, kurduek parlamentuan egoteari uko egin zioten, baina lau hilabete kanpoan egon ondoren, hilabete honetan itzuli dira, erabaki dutelako garrantzitsua dela euren etorkizuna baldintzatuko duen Konstituzioan parte hartzea. BDPrentzat, baina, premiazkoena da PKKren eta Ankararen arteko «gerra geratzea eta bake prozesua hastea». Erdoganentzat, ordea, «bakea ez da hitz egiten; bizi egiten da», eta, gainera, uste duenez, «BDPren ahoan ez dator ongi bakea hitza».
Kurdistan
Turkiaren mendekua «handia eta era askotakoa izango da»
PKK gerrilla kurduak 1990eko hamarkadaz gero erasorik handiena egin du Turkiako armadaren aurka; Ankarak gogor erantzun duHildako militarrak 24 dira, armadaren arabera; PKK-k ehundik gora direla esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu