EUROPAKO BATASUNAREN GOI BILERA

Tusken arabera, Erresuma Batua 2017 hasierarako egongo da prest EBtik irteteko prozesua aktibatzeko

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Europako Kontseiluko presidenteari esan dio "ia ezinezkoa" dela prozesu hori aurten aktibatzea.

27etako buruzagiak, goi bilerari ekin aurretik. FILIP SINGER / EFE
2016ko irailaren 16a
11:18
Entzun

2016an ez, baina Mayk "oso posibletzat" jo du 2017ko urtarril edo otsailerako aktibatzea Europako Batasuneko Itunen 50. artikulua, konfederaziotik irteteko negoziazioei bide ematen diena: "Egoera objektiboa da gure kide britainiarrek denbora gehiago behar dutela negoziazioetarako prestatzeko".

Tuskek azaldu du 27ak "ongi prestatuta" daudela elkarrizketak, behar izanez gero, "bihar bertan" abiatzeko. Edonola, Tuskek argitu du negoziazio horietan "27en interesak" defendatuko dituztela: "Ez dugu ezer Erresuma Batuaren aurka, baina gure prozedurak babestu behar ditugu Europako elkarte gisa ditugun interesak babesteko".

Gaur hasi dira Bratislavan Europako Batasuneko kideen goi bilera egiten, hain zuzen batasun horren etorkizunaz hitz egiteko. Erresuma Batua ez da bertan izan. Goi bileran, eztabaidagai izan dituzte datozen hilabeteetan Europako Batasunak Brexit-aren auzian, migrazioan, segurtasunean eta ekonomian eman beharreko pausoak. "Egoera kritiko batean gaude. Hobetu dezakegula erakutsi behar dugu", adierazi du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.