Idriss Deby Txadeko presidenteak Zoeren Ontziko sei kide frantziarri eta bitartekari txadar bati ezarritako espetxe zigorra barkatzen dien barkamen dekretua sinatu du gaur. Horrenbestez, aske gera daitezke laster.
Iazko urrian atxilotu zituzten Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakunde frantziarreko kideak eta Txaden haiei laguntzen aritu ziren lagunak; 103 haur bahituta Europara eramateko ahalegina egitea egotzi zieten. Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zien Txadeko Justiziak sei frantziarrei eta lau urtekoa bitartekari txadarrari. Zigorra ezarri eta bi egunetara Frantziako kartzeletara eraman zituzten sei frantziarrak, Parisek eta N'Djamenak duten hitzarmen bati esker.
Arestian esan bezala, haurrak bahitzea egotzi zieten Zoeren Ontziko kideei. Haiek, ordea, behin eta berriz ukatu dute haurrak bahitzeko asmoa zutela, eta beren helburua, "hil edo biziko egoeran" zeuden Darfurko gerrako umezurtzak salbatzea zela agertu dute. Areago, ekintza horren bidez Darfurko egoera latzaren inguruko kezka piztu nahi zutela nazioartean, eta egoera baretzean umeak sorlekura itzultzeko asmoa zutela.
Prozesuan zehar, ordea, zalantzan geratu zen 103 haur horiek Darfurko umezurtzak ziren. Txadeko eta Sudango bitartekariek engainatu egin zituztela ere iradoki zuten Zoeren Ontzikoek.
Euskal Herrian, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, ume horiek hartzeko prest zeuden zenbait faimilia. Haiek ere ukatu egin zuten haurrak adopzioan hartzeko asmoa zutela, eta gerra amaitu arte zaintzeko helburua zutela agertu zuten.
Mundua
Txadek zigorra barkatu die haurren bahiketa egotzi zien sei frantziarrei eta bitartekari txadar bati
Frantziarrak Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakundeko kideak dira eta Frantzian daude preso. Beren asmoa Darfurko gerrako umezurtzak salbatzea zela agertu dute behin eta berriz. Idriss Deby presidenteak sinatu du barkamen dekretua. Horrenbestez, libre gera daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu