Milaka heriotza eta tortura saio agindu zituen Hissene Habrek, Txadeko Errepublikako buru zenean. Hala ebatzi du Dakarko auzitegi berezi batek, eta diktadore ohiari bizi guztirako espetxe zigorra jarri dio. Gizateriaren kontrako krimena egin izana egotzi dio; tortura, bortxaketa eta esklabotza aurrera eraman izana. Nolanahi ere, akusazioak gerra krimena egozten zion arren, auzitegiak errugabetzat jo du kargu horretan.
1982 eta 1990 artean egon zen boterean Habre. 2015eko uztailean hasi zuten haren kontrako epaiketa, eta aurtengo otsailean amaitu. 1992an, Txadeko Egiaren Aldeko Batzordeak salatu zuen modu sistematikoan torturatzen zuela Habreren gobernuak, eta 40.000 lagun hil zirela haren agintaldian.