Txadetik haurrak ateratzeko ahalegina egiten ari zirela atxilotutako beste hiru lagun aske utzi dituzte gaur, umeak Europara ekartzeko erabili behar zuten Girjet hegazkin konpainia kataluniarreko hiru langileak, pilotua eta eskifaiako bi kideak.
Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakunde frantziarrak bultzatu du haurrak ateratzeko operazioa, eta ahaleginean ari zirela atxilotutako GKE horretako sei kideek errugabetu egin dituzte hegazkineko langileak. Haiek ez dutela ekimenarekin zerikusirik ziurtatu dute, eta, agi denez, horregatik hartu du fiskalak libre uzteko erabakia.
Urriaren 25ean 18 lagun atxilotu zituen Txadeko Poliziak 103 ume ateratzeko saioa egiten ari zirela. Adingabekoen bahiketa eta iruzurra leporatu zieten. Zoeren Ontzia GKEren arabera, ordea, Darfurko gerrako umezurtzak ziren haur horiek, gatazkaren ondorioz, hil edo biziko egoeran bizi zirenak. Eurena salbamendu ekintza zela ziurtatu zuten eta horri eusten diote orain ere. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko sei familia kanpaina horrekin engaiatuta daude eta umeak hartzeko prest ziren.
Atxilotutako 18 lagun horietatik sei ziren Zoeren Ontziko kideak. Beste hiru lagun kazetariak ziren, frantziarrak. Zazpi, berriz, Girjet hegazkin konpainia kataluniarreko langileak. Azken biak, umeak ateratzeko laguntza eman zieten Txadeko bi herritar.
Joan den igandean Txadek aske utzi zituen hegazkin konpainiako lau langile emakumezkoak eta hiru kazetari frantziarrak. Nicolas Sarkozy presidentea Txadera joan zen, eta berarekin batera atera zituen atxilotuta egondako zazpi lagun horiek herrialde hartatik. Gaur hegazkineko beste hiru langileak libre geratuko dira. Ikuskizun dago Zoeren Ontziko kideekin zer gertatzen den.
Darfurko haurrak
Txaden atxilotuta zeuzkaten hegazkin kataluniarreko hiru kideak libre utzi dituzte
.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu